Hemen da, berriz ere, Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Martxoaren 4tik 24a bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Kanpaina honen bidez, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dute ekoizteko erak alda daitezen. Izan ere, “gaurko kontsumoaren araberakoa izanen da biharko ekoizpena”.
2021eko Nafar hegoaldeko uzta kanpainaren leloa Plateretik baratzera izanen da: “elikadura-burujabetaratza lortzeko bidea plateretik hasten da, beraz, jan dezagun pentsatzen dugunaren arabera”. Errigorak tokiko uzta, eskala txikian ekoitzitako elikagaiak eta produktu ekologikoen aldeko apustua egiten du.
Urtetik urtera, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak agerian utzi du kontsumitzaile gisa dugun boterea: eskaera igo ahala, gero eta gehiago dira euskaraz etiketatzen duten ekoizleak eta ez-ekologikotik ekologikorako jauzia egin dutenak.
Eskaintza
Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko ekoizleen produktu hauek eskatzeko aukera dago:
• Oliba-olio birjina estraren kasuan, lau barietate eskaintzen dira, bi ekologikoan ekoitziak (arbekina eta arroitz, bertako oliba-barietatea) eta beste bi ez-ekologikoak (pikual eta enpeltre).
• Kontserben kasuan, bederatzi produktu izanen dira ekoizpen ekologikoan: zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, barazki-kremak eta txitxirioak. Eta zazpi ez-ekologikoak: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, zerba-penkak eta borraja sorta, potxak eta tomate frijitua.
• Horrez gain, arroz ekologikoa eta ez-ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere izanen dira aukeran.
Produktu guztiak kalitate bikainekoak eta bertakoak dira. Ez bertan elaboratuak soilik, prozesuaren hasieratik bukaeraraino bertan eginak.
Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta barazki kontserbak, arroza eta pasta 12 unitateko sortetan. Auzolanari esker, produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan saltzen dira.
Eskaerak Internetez edo telefonoz
Egin eskaera www.errigora.eus webgunean martxoaren 4tik 24ra edo, aukera hori ez baduzu, deitu 848 87 12 23 telefonora Hego Euskal Herritik edo +33 532 09 35 45 telefonora Ipar Euskal Herritik. Eskaera egiterakoan aukeratu produktuak jasotzeko puntua. 200 bat herritan daude banaketa guneak. Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian izanen da.