Turismoa eta euskara

Udako oporretan ohikoa izaten da beste herri edo herrialdeak bisitatzea. Eta, alderantziz, gurera ere etortzen dira bisitariak. Zenbait udalerri eta eskualdetan turista horiei euskararen berri emateko euskarriak sortu dituzte. 

Turistei harrera egiteko orduan, urtetan, ohikoa izan da euskara albo batera uztea. Baina UEMAk egindako ikerketa batek erakusten duen bezala, kanpoko bisitariek estimatzen dute euskara, bisitatzen ari diren herriaren hizkuntza. 

Nafarroako zenbait entitatek euskara balorean jarri eta turisten euskaren berri eman eta euskarara hurbiltzeko euskarriak sortu dituzte. Esaterako, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuek Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara argitalpena egin dute. Hiru eskualdeetan euskara bizi-bizia dela azaltzen dute. Oinarrizko hiztegi eleanitza ere badu. Gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez dago.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, berriz, Euskara Sakanako soinu banda euskarria argitaratu du. Bisitariak, Sakanako ingurune naturala, herrietako ondarea eta bertako gastronomia ez ezik, euskara ere ezagutzera gonbidatzen dituzte. Horretarako, hiztegia ere badute. Euskaraz, katalanez, galegoz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez dago.

Bestalde, UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) udalerriek Bertatik bertara kanpainarekin bat egin dute. Bertako ostatu eta jatetxe askotan mahai-gainekoak aurkituko dituzue, oinarrizko hiztegiarekin.