Urmuga, mendia musikaz blaituz

Gaur hasiko da Urmuga 2023. Uztailaren 30era arte musikaz, euskaraz eta kulturaz blaituko ditu Kantauri eta Mediterraneo itsasoetako urak banatzen dituzten mendilerro, muino eta lautadak. 

Urmuga mendi zeharkaldi musikatua da, eta natura eta pertsonak musikaren bidez erlazionatzea du helburu. 19 etapatan urmugan zeharreko oinezko zeharkaldia osatuko da, Artziniegako Angulo portutik (Araba) Nafarroako Hiru Erregeen Mahairaino, mendebaldetik ekialdera, Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea lotuz. Gailur, leku eta herri esanguratsuenak musikaz beteko ditu eta urmuga inguruko pertsonak eta herriak harremanetan jarriko ditu.

Urmugako ibilbideak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ditu uren banaketa-lerroa markatzen duten tontorrak, Kantauri itsasora isurtzen diren arroak eta Ebrorantz doazenak. 19 egunez kontzertu batek amaiera emanen dio euskal gailur ezberdinetan zehar egindako ibilaldiari. Kultura eta natura aire zabalean batzeko modu bat da.

Mendia

Edozein mendizalek aukera izango du Urmuga bere osotasunean edo astebetez edo nahi duen ibilbide zatian parte hartzeko. Mendigidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. 

Musika

Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari esanguratsu izango dira Urmugako kontzertuetan. Besteak beste, Olaia Intziartek, Mikel Urdangarinek, Leturiak, Korrontzik, Iñaki Diegezek, Alex Sarduik eta Et incarnatus orkestrak parte hartuko dute. Kontzertuak leku hauetan izanen dira:

  • Uztailak 12: Gorobel mendi lerroa/Urduña (Dohainik)
  • Uztailak 13: Amurrio (Dohainik)
  • Uztailak 14: Otxandio. 
  • Uztailak 17: Araia. 
  • Uztailak 18: Otzaurte lepoan (Dohainik)
  • Uztailak 19: Errenteria. 
  • Uztailak 20: Aizpearro, Aralar. 
  • Uztailak 21: Lekunberri (Dohainik)
  • Uztailak 21: Aldatz eta Irulegi-Aranguren (Dohainik)
  • Uztailak 23: Baigorri. 
  • Uztailak 25: Orbaizeta (Dohainik)
  • Uztailak 26: Minubeko Salbatore baseliza (Dohainik)
  • Uztailak 28: Orhiko gailurrean eta Iratin (Dohainik):
  • Uztailak 29: Zaraitzu. 
  • Uztailak 30: Izaba (Dohainik). Egun osoko festa.

www.urmuga.eus
Informazio gehiago, sarrerak eta mendiko bonoak webgunean.