Cayo Hueso eta Ibaiertzeko ipuina: bere laburrean bikainak

Udarako literatur gomendiorik nahi duzue? Oihane Amantegiren bi liburu proposatzen dizkizuegu: `Cayo Hueso´ eta `Ibaiertzeko ipuina´.

 

Cayo Hueso (Key West) Floridako itsasartean dagoen uharte bat da, Ipar Amerikan, Kubatik 150 km-ra. Cayo Hueso deitu zioten konkistatzaile espainiarrek irla horri giza hezurrak aurkitu zituztelako bertan. Hain zuzen, irla horren izena jarri dio Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen liburuari. Joseba Sarrionandiak egin du lanaren hitzaurrea. Protagonista otarrain-arrantzale zahar bat da, eleberriaren kontakizuna egiten duena, baina eleberria hasi eta berehala agertuko zaizkio Virgil musika kritikaria aurrena eta Maudey jazz kantaria gero, bere bandarekin. Liburu honen bertutea da irlan zaudela sentiarazten dizula, xehetasunen handiz entzun ditzakezula hango hotsak eta aditu bere usainak —alkoholarena eta tabakoarena nagusiki—. Egileak esan duenez, bi kantu hartu ditu lanaren musika banda gisa: Los Tres Reyes taldearen Amor, no fumes en la cama, eta Ruper Ordorikaren Kontserba fabrikaren aurrean. Bere motzean bikaina da eleberria. Dotorea. Maitemintzen direnek eman dezaketen minaz ari da, maiteminak ekar dezakeen urruntzeaz. 

 

 


Esan beharra dago Oihane Amantegiren bigarren liburua dela Cayo Hueso. Lehenago Ibaiertzeko ipuina plazaratu zuen, oso kritika ona jaso zuena. Hura ere Amerikako Estatu Batzuetan kokatu zuen, bazter galdu batean, zehazten ez den garai batean, ibai ertz batean. Doluari eta heriotzari buruzko eleberri motza da, ume baten ikuspegitik kontatua. Eleberriko protagonista, ahots narratzaile bakarra, 8 urteko neskato bat da. Ahizpa bikiarekin batera jaio behar zuen, baina bizitzara bakarrik etorri zen. Eleberri honetan ere musikak ere protagonismo handia du. Haurraren aitak harmonika jotzen du, eta Van Morrisonen kantu pare baten (Tupelo Honey eta Crazy Love) eta Bob Dylanen beste baten (Goin' to Acapulco) hitzak ere testuaren barruan sartzen dira.