LABA: erupzioa badator

Urtarrilaren 7an ireki zituen ateak Labako egoitzak. Euskaldunon komunitatearentzako -eta harengana hurbildu nahi duten guztientzako- espazio bat, egongela bat da Laba. Erreferentziazko gune bat, elkar topatzeko, elkar ezagutzeko, elkarrekin egiteko, eta berriak batzeko. Elkarrekin izanda, gehiago izateko.

Eta zer egin nahi dugu Laban?

Erakusleiho izan nahi dugu. Euskarazko kultur sorkuntza ugari eta kalitatezkoa da, eta dagokion tokia eman nahi diogu. Egon dadin hiriarentzat eskuragarri, ikusgarri, irisgarri. Erakusleiho bat, begiratu gaitzaten, ikus dezagun.
Oholtza izan nahi dugu. Ehundik gora metro karratu, Iruñeko bihotzean, kultur emanaldietarako oholtza bilakatuta. Ehun metro karratu bete kontzertu, hitzaldi, liburu aurkezpen, ikastaro, zinema proiekzio, bertso saio, antzerki ikuskizun, tailer, dantzaldi, eta inspiraziorako hiru puntu suspentsibo.

Kafetegia izan nahi dugu. Gozamenetik eraiki nahi dugu euskaldunon gune berria, harremanak sortu eta garatuko diren espazioa izanen baita, edo ez da izanen. Bi espazio ditugu horretarako, arkupeak babestua bata, terrazakoa bestea. Elkartu eta elkarrekin urratsak ematen jarraitzeko gune bat, egongela bat Iruñeko egongelan. Kafetxo bat LABAn?

Laborategi izan nahi dugu. Amesteko, proiektu berriak gauzatzeko sare zabal bat. Zer behar dugu euskaldunok? Nola eginen dugu, norekin, noiz? Eguneroko beharretatik hasita ideiarik zoroenetaraino; esperimentatu eta egin, erori eta berriro altxa, ikasi eta egin. Hori guztia ere izan nahi du LABAk.

Zurekin izan nahi dugu Laba.