1978an euskal poesia eta oro har euskal literatura hankaz gora jarri zuen liburua argitaratu zuen Bernardo Atxagak: Etiopia. Lehendabiziko argitalpena Pott liburutegiak egin zuen eta, handik urte batzuetara, 1983an alegia, Erein argitaletxeak plazaratu zuen. Argitalpen hura agortuta dago eta ez da berriz argitaratu, hortaz, esku artean dutenek euskal literaturaren altxorretako bat dute, zalantzarik gabe.
Koldo Izagirreren hitzek oso ongi laburtzen dute Etiopiak euskal literaturari egin dion ekarpena: “Etiopiak abanguardia ekarri zuen, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna. Poeta gazteagoen aldarri eta eredu izan zen aldi berean, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Etiopia eta haren harea Arestiren harriari kontrajarri izan
zaio. Interpretazio zilegizkoa da, baina harria bera harea ale aunitzez sortzen baita, azken finean zentrorik ez dagoela digu adierazten harriaren hondartzeak, zentroak pluralak direla. Eta horixe izan zen modernotasun berriaren ekarririk eraginkorrena.” (Kodo Izagirre)
Liburu zaila da abangoardia zalea den aldetik. Poesia eta prosa konbinatzen ditu, eta oso ezagunak dira testu horietako batzuk Ruper Ordorika musika jarri zielako eta Hautsi da anphora diskoan argitaratu. 1980an plazaratu zuen Ordorikak diskoa, Pott banda desegin zen urte berean. Bernardo Atxagak, Manu Erzillak, Joxemari Iturraldek, Jon Juaristik, Ruper Ordorikak eta Joseba Sarrionandiak osatu zuten Pott banda Bilbon. Izen bereko fanzine bat argitaratzen zuten.
Esan izan da Hautsi da anphora Ruper Ordorikak egin duen diskorik borobilenetakoa dela, eta egia da Fas fatum eta Herdoilarena bezalako katuak bizi-bizirik gaudela oraindik ere. Ni ez naiz Noruegako errege diskoan ere Berandu dabiltza poema musikatu zuen Ordorikak, hori ere Etiopia liburuan argitaratua: “Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe, / Otis Redding badiako portuan eseri zen aireplano jausiei kantatzeko blues band; / Eta panpina amerikanoak lehertzen zitzaizkien Vietnamgo umeei eskuan boom bang / Gure amak sabela erre zuen napalmez gautako dirrinaren amenazua ezin burutuz […]”
Baina ez da hori Etiopiaren emaitza musikal bakarra. Mikel Laboak kantatutako “Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka, /eta gu ere hire zain / geundela / esan zioagu, / ez hintzela aspaldi azaldu/ etxetik; […]” kanta ere Etiopia liburuan argitaratu zen.
Esan beharra dago Etiopia idatzi eta gero Bernardo Atxagak goitik behera aldatu zuela bere hautu estetikoa. Beharbada horregatik euskal literaturaren perletako bat dela esan dezakegu.