Internet nabigatzailea eta posta euskaraz

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Internetako hiru nabigatzaile erabilienak (Firefox, Chrome eta Edge) eta hiru posta kudeatzaile ohikoenak (Gmail, Thunderbird eta Outlook) euskaraz nola konfiguratzen ahal den azaltzen duen bideo tutoriala prestatu du. Urrats erraz batzuk segituta, euskaraz paratzen ahal dira.

Zergatik da garrantzitsua bizitza digitalean ere euskaraz aritzea? 

Zure nabigatzaileak erraten dio Interneti zein hizkuntzatan nabigatzen duzun. Hala, web-garatzaile, robot eta Interneteko enpresa handiek informazio hori jaso eta horien arabera erabakitzen dute edukiak euskaraz eskainiko dituzten ala ez. Beraz, Interneten ere euskara existitzea nahi badugu, bertan euskaraz aritzea ezinbertzekoa da.

Baliabide digitalak euskaraz

Orain dela urte bat Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eskuko telefonoko sistema eragile eta aplikazioak euskaraz paratzeko bideoa zabaldu zuen, eta Interneteko nabigatzaile zein posta kudeatzaileei buruzkoa bigarrena da. Aurrerantzean ere, euskara mankomunitatearen asmoa da sistema eragile, programa informatiko, aplikazio, eta sare sozialak euskaraz paratzeko eta euskaraz erabiltzeko bideo labur gehiago egitea.