Libertimendua, Nafarroa Behereko inauteria

Zuberoako Maskaradak dira Iparraldean ospatzen diren inauteri guztietatik ezagunenak, baina ez bakarrak, ordea. Bada beste inauteri adierazpen bat, Lapurdiko ekialderen eta Zuberoako mendebalderen arteko herrietan ospatzen dena: Santibateak eta Libertimenduak.

Desagertzeko zorian izan zen, pasa den mendeko bi Gerla Handiek gure kultura izan zuen eraginez; baina hirurogeita hamarreko hamarkadan berpiztu ziren herri antzerkia, dantzak, bertsoak eta kantuek uztartzen dituen inauteri mota hau, ikastolen inguruko mugimendu euskaltzaleak egindako lanari esker.

Inauteri mota honek lehen bi aldi zituen: Santibateak (urtarril-otsailean) eta Libertimendua (otsail-martxoan). Gaur zenbait herritan biak egiten badituzte ere, beste zenbait herritan lehena egiten dute bakarrik, edota bigarrena soil-soilik. Santibateetan neguko indar ezkorrak, hotza eta iluna, izaten dira nagusi, eta hori idurikatzen dituzte dantzen bidez, zirtzilek bolantak uxatzen baitituzte. Libertimenduan, aldiz, udaberriko indarren garaipena irudikatzen da, bolantak zirtzilei gailentzean erakusten den moduan. Udaberriaren hasieraren sinboloa da.

Gazteek plaza hartu-eta, munduko aktualitateari ere erreparatzen diote ospakizunean. Ekonomiaz, politikaz, gizarteaz, ekologiaz…  mintzo dira, euskaraz gainera, bolant-dantzak, bertsoak, umorea, kritika eta musika tarteko.

Gora doan ospakizuna da, eta berriki Nafarroa Garaira eta Gipuzkora zabaldu da. Iruñean, otsailaren 17an, izanen da aurtengo bigarren Libertimendua, Arrosadiakoa.  
 

Libertimenduak 2024. Egutegia