23. KORRIKA ate joka dugu. AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimen erraldoia gaur arratsaldean irtengo da Irundik eta, hamaika egunez eta hamar gauez Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Bidean, hiru aldiz sartuko da Nafarroan.
KORRIKAren 23. edizioak Irun eta Baiona lotuko ditu, 2.700 kilometroko ibilbidea eginda. HerriHarro lelopean, euskararen aldeko ekimen erraldoiak Euskal Herri osoa zeharkatuko du hamaika egunean.
Ibilbidearen xehetasunak gailu adimendunetarako KORRIKA aplikazioan kontsulta daitezke, baita ekintzaren beraren egoera ere.
Berria egunkariak eta Hamaika telebistak zuzeneko konexioa eskainiko dute 24 orduz.
Ibilbidea
Irungo San Juan plazatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 14an, arratsaldeko 16:00etan. 17:20ean Hendaiatik Donibane Lohizunerako bidea hartuko du eta, jarraian, Lapurdi barrualdera joanen da, Azkaine, Kanbo eta Uztaritzetik barna.
Martxoaren 15eko gauean eta goizeko lehen orduetan Behe Nafarroan eta Zuberoan barrena ibiliko da KORRIKA. Goizeko 6:50 aldera pasatuko da Mauletik eta 11:00ak aldera Donibane Garazitik. Ondoren, eguerdi aldera, Baigorritik Nafarroara sartuko da lehenengoz. Baztango herriak bisitatuko ditu (Erratzu, Arizkun, Elizondo, Irurita) eta ondoren, Pirinioetako herriak izanen ditu helburu (Eugi, Zubiri, Erro, Garralda…).
Martxoaren 16ko gauean Ezkarotzetik Zangozalderako bidea eginen du KORRIKAk. 11:00ak aldera Agoitzera iritsiko da eta Iruñerako bidea hartuko du. Larunbat eguerdiko 13:00ak aldera sartuko da Iruñerrian, Uhartetik barna. Nafarroako hiriburuaren iparraldeko herriak zeharkatu ondoren, 17:15ean sartuko da Iruñean. Iruñerrian pasatuko du arratsaldea, harik eta 19:30ak aldera Zizurtik barna Noaingo bidea hartu arte. Larunbateko azken orduan Izarbeibar zeharkatuko du (Obanos, Gares, Mendigorria).
Martxoaren 17an, igandeko lehen ordutan, Nafarroa erdialdetik hegoalderako bidea hartuko du (Artaxoa, Tafalla, Faltzes, Alesbes, Castejon). Eguerdiko 12:30 aldera iritsiko da Tuterara. Erriberako lurrak zeharkatu ondoren, Lodosa aldera joko du.
Martxoaren 18an, astelehenean, KORRIKAk Lizarraldea zeharkatuko du gauez, Kanpezurako bidean. Araba hegoaldea eta Trebiñu zeharkatuta, astelehen gauean Gaistezera iritsiko da.
Martxoaren 19an, asteartean, 23. KORRIKA Nafarroan sartuko da bigarren aldiz, Arabako Lautadatik Sakanara. Gauez zeharkatuko du Sakana eta, 9:00ak aldera Latasatik Ultzamarako bidea hartuko du. 15:00etatik aurrera, Lekunberri eta Leitza artean ibiliko da eta iluntzean Gipuzkoan sartuko da, Hernanitik Zarauzko bidean. 23. KORRIKA erdia egina egonen da ordurako.
Martxoaren 20an, asteazkenenarekin, argitu aurretik, Debagoiena eta Debabarrena zeharkatuko ditu. 14:00ak aldera Bizkaian sartuko da. Ondarroatik Munitibar aldera sartu eta, atzera ere, kostaldera itzuliko da, Lekeitiora. 23:00etan Gernikatik pasatuko da.
Martxoaren 21ean, gauez, Bermeo eta Getxo arteko bide eginen du KORRIKAk. 17:00etan Bilbora iritsiko da. Ondoren, Ezkerraldera eta Meatzaldera joko du.
Martxoaren 22an,ostiralean, Bizkaia eta Araba arteko mugan ibiliko da, besteak beste, Artziniega, Laudio, Durango eta Legutiotik pasatuz.
Martxoaren 23an, larunbatean, dagoeneko KORRIKAREN azken txanpan, KORRIKAk Gipuzkoa zeharkatuko du bigarren aldiz. Gauez Arrasate eta Zumarraga pasatu eta, Goierritik barna, Donostiarako bidea hartuko du. 19:20 aldera iritsiko da Gipuzkoako hiriburura.
Martxoaren 24a, azken egunean, Nafarroan sartuko da hirugarren aldiz: Bortziriak zeharkatu eta Saratik Baionarako bidea hartuko du. Lapurdiko hiriburuan bukatuko da aurtengo KORRIKA, 12:30ean, udaletxeko plazan. Bertan irakurriko dute hamaika egunez 2.700 kilometrotan eskuz esku pasatu den lekukoaren barruan dagoen mezu ezkutua. Ohi bezala, jai giroan agurtuko da KORRIKA.
KORRIKA aplikazioa
KORRIKA aplikazioa guztiz eguneratuta dator; atal berriak ditu, hala nola, Laguntzaile txartel birtuala. Aplikazioaren bidez, posible da ibilbidea kontsultatzea eta, behin KORRIKA hasita, bertatik bertara jarraitzeko aukera egonen da. Bilatzaile aurreratua ere badu, herri bat, eskualde bat edo kilometro jakin bat non dagoen egiaztatzeko.
KORRIKA zure herritik noiz pasako den jakiteko:
Androiderako APPa.
IOSerako APPa.
Web: https://korrika.eus/eu/ibilbidea