(H)ilbeltzaren 11. edizioa bertan da

Baztanek (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren 11. edizioa ospatuko du hilaren 20tik 26ra. Antolatzaileek egitaraua aurkeztu berri dute, eta, aurreko urteotan bezala, liburu aurkezpenak, solasaldiak, mahai-ingurua eta bestelako kultur jarduerak izanen dira bailarako zenbait herritan.

 

Jarduerak urtarrilaren 20an, astelehenarekin, hasiko dira. Egun horretan, 19:30ean, Arizkungo Medikuaren etxean, "irakurleen asanblada" eginen da Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza liburuaren harira. Nobela hori VII. (H)ilbeltza bekaren irabazlea izan zen.

Urtarrilaren 22an, 19:00etan, Anizko elkartean, Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak liburuari buruzko solasaldia gidatuko du Idoia Santamaria itzultzaileak.

Ortziralean, hilaren 24an, Arg(h)itzen dokumentala emanen dute Iruritako Gizarte Bilgunean, ordu berean hasita.

Larunbatean, hilaren 25ean, egun osoko egitarau oparoaz gozatzeko aukera izanen da. Goizean, 11:00etan hasita, Elizondoko Arizkunenean, Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) izeneko mahai-ingurua izanen da Edurne Elizondo eta Mikel Elortzarekin, Isabel Jaurenak gidatua. 14:00etan herri bazkaria eginen dute, Erratzun. Parte hartzeko txartela ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskatu behar da. Bazkalondoan, bi liburu aurkeztuko dira: Basokoa, Izaskun Gracia Quintanarena, eta Lehendakariaren alaba, Iñaki Petxarromanena. Eta ilunabarrean, Ilargipeko enigmak izeneko jolasa eginen dute Erratzuko ostatuetan barna.

Eta astea amaitzeko, igandeko 11:00etan, Azpilkuetan, Xartolako Axeri itzuli beltza eginen da; eta 19:00etan, Elizondoko Arizkunenean, Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak Odola kantari: Euskal kantagintzaren tragepedia ikuskizuna taularatuko dute.

Jarduera guztiak doakoak izanen dira, bazkaria izan ezik.