‘Badok’, euskarazko musikaren entziklopedia bizia

Aurtengoa ospakizun urtea izaten ari da Badok.eus euskal musikaren atariarentzat, bere lehen 15 urteak bete baititu. Hasieran datu base hutsa izan zenak urteen joanarekin izaera, diseinua eta funtzionalitatea aldatu zituen, gaur egun den Euskal musikaren entziklopedia erraldoi eta bizia bilakatu arte.

Beharrak eta gabeziak bultzaturik sortu zuen Berria egunkariak Badok.eus euskal musikaren ezagutza eta transmisioa sustatzeko. Duela 15 urte ez zegoen euskal musikari buruzko webgunerik, hortaz, beharrezkoa zen datu base bat eratzea edozein disko, abesti edo datu bilatu ahal izateko. Horrela, euskarazko musikari eta musikariei buruz erreferentziazko materialak biltzea eta publiko osoari eskaintzea izan zen biltegi horren hasierako asmoa, euskal kantagintza modernoaren garaietatik 2000. urtera arteko informazioa jasoz.

Orduan hasi ziren artxibo lana egiten, taldeak eta artistak biltzen eta sailkatzen, biografiak idazten eta diskografiak osatzen. Badok datu base hutsa izan zen 2014. urtera arte, baina urte hartan jauzi handi bat egin zuen, abestiak erreproduzitzeko eta entzuteko tresna jarri baitzuen abian.

Gaur egun, Badok.eus webgunean milaka eduki daude: artistak eta taldeak, haiek generoka sailkatzen dituzten atalak, diskografiak eta biografiak, bideoklipak, kantuak… Guztira, 1.502 talde edo musikari daude sailkatuta. Diskoak 4.672 dira, eta abestiak 38.705. Bideoklipak ere badaude webgunean, 2.896, hain zuzen ere. Eta euskal musikaren gordailu erraldoi horrek etengabe osatzen eta berritzen jarraitzen du, euskal taldeek kaleratutako kanta berriak webgunean jarriz, talde ezagun, ezezagun, handi zein txiki izan. Hori gutxi ez eta kontzertu kronikak, disko kritikak, albisteak eta erreportajeak ere irakur daitezke plataforman. Bestalde, datozen hilabeteetan Badok teknologikoki berritzeko erronkari ere helduko diote.

Hamabosgarren urteurrena ospatzeko, zenbait ekitaldi berezi burutu dituzte azken bi hilabeteetan, besteak beste, Gure musika fauna izenpean zenbait musikarik eta taldek bikoteka egindako zuzenekoak eta sortutako kantak, horiek ere webgunean entzungai.