Durangoko Azoka: ezinbesteko liburuak

Abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira kultura zaleek hartzeko eta emateko. Denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira. Esaterako, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide. Lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira. Guk ezinbestekoen zerrenda bat prestatu dizuegu Elaideko jarraitzaileei, urte osoan zehar irakurtzeko.

 

Bisita
Mikel Pagadi
Elkar
Eleberria

Plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, estralurtarrak etorri dira gugana, baina ez dute lur hartu ez Dakotan ez Minessotan, baizik eta Euskal Herrian; zehazkiago, Anoeta herriko bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa aztoratuko du gertakari horrek, baina batez ere bertakoak: zer da objektu hegalari ezezagun hori? Nondik dator? Zer nahi dute? Zer egingo dugu? Mikel Pagadizabal aktore, aurkezle eta gidoigileak umore ganberroz idatzitako zientzia-fikziozko nobela.

 


 



Basokoa
Izaskun Gracia
Alberdania
Eleberria

Amona hil eta bilobak, Hodeitza eta Nahia, baserrira itzuli dira, lekua husteko eta harekin zer egingo duten erabakitzeko. Baina baserri ondoko basoan urte luzez beren zain egon den zerbait esnatu egingo da. Eta amaren gaixotasunaren eta amonaren jokaera arraroaren sorburua den zerbait horrek familiak duela asko pilatu zuen zorra kitatzeko modua bilatuko du.

 

Etiopia
Bernardo Atxaga
Erein
Poesia

Bernardo Atxagaren Etiopia berriz plazaratu du Ereinek. 36 urte joan dira 1988an hirugarrenez argitaratu zenetik. Egileak azaldu du orduko helburua gaurko bera dela: «Lengoaiaren erabilera faltsua eta higuingarria denez, hura apurtzea». Berritasun gisa, Iñaki Aldekoa irakasleak garaia eta autorea ezagutzeko egin duen hitzaurrea eta Jon Aranguren artistaren ilustrazioak ditu aipagarri Bernardo Atxagaren poema liburuaren laugarren edizio honek, baita Anari musikariak kontrazalean idatzitako testua ere: Etiopia beretzat zer izan zen azaldu du hartan.

 

 

 

 

Egun bat Beti Berdin tabernan
Asier Iturralde “Gaston”
Harriet
Komikia

Beti Berdin tabernan sartzea, bizitzan bertan murgiltzea da; umore eta poesiaz blai, pertsonaia kutunekin une batzuk partekatzeko aukera.

 

 

 

 

Orhipean
Xamar
Saiakera
Pamiela

Euskal kulturara sarbide erraz eta ederra da. Orhi mendiaren bi magaletan hazten den herriaren ohituren, sinesmenen eta bizipozaren azalpen xehea. Atalka lantzen ditu Xamarrek Euskal Herrian biltzen diren tradizio, istorio eta doinuak, Euskal Kulturaren izaera eta jarduna. Edizio erabat berritua da honakoa, euskal kulturaren dibulgazioko klasiko garaikide bat bilakatua baita, eta milaka ale joan dira munduan zehar euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Baina zer da funtsean Xamarrek hemen dakarkigun hau? Euskara egundaino gure ibar eta auzoetan mantendu duen herria ulertzeko ezinbesteko lana. Egileak hautatu margolan, argazki eta mapez lagundurik, begirada erakarri eta jakin-mina pizten dutenak, Xamarren hitzek hasi eta buka ekarriko gaituzte gure ondarearen Historian zehar. 

 

 

 

Abolizioa
Angela Davis
Itzulpena: Amaia Apalauza
Saiakera
Katakrak

Liburu honek hainbat saiakera eta hitzaldi batzen ditu. Berrogeita hamar urtean zehar estatu-indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako lehen lerroko militantea izan da Angela Davis. Urte luzeetako jardunean haren gogoetak zorroztu eta zabaldu dira, munduko kasu gehiago ezagutu ditu. Davisen lan mardul hau irakurri ostean, nabarmena da idazteke dugula Euskal Herriko kartzela sistemaren historia bat, azken bi mendeak jasoko dituena. Horretarako, oso inspiratzailea da Ameriketako Estatu Batuetako kartzelen aurkako mugimendua eta borroka ezagutzea.

 

Barrengaizto
Beatrice Salvioni 
Itzultzailea: Fernando Rey
Eleberria
Txalaparta

Lambro ibaiaren bazterrean datza hamahiru urteko Francesca, uharriak lepondoan eta ipurdi biluzian iltzatzen zaizkiola eta gainean gizon baten gorpua duela. Hurbil du Maddalena, uretan belauniko, lohiturik eta eztulka. Urtebete lehenago hasi zen bi neskatxen arteko harremana, Francesca txunditurik gelditu baitzen denek “Barrengaizto” deitzen zuten haren izaera matxinoarekin. Arau sozialak beste ezeren gainetik betearazten dituen amari entzungor eta kaleko mihi gaiztoek diotena gorabehera, Francesca Maddalenaren lagun taldera bilduko da bizitzeko molde askeago batez jabetu nahian. Hala ere, kolonietako gerrak eta erregimen faxistak temati jarriko dizkiete oztopoak bi lagunei, eta zapalketa misogino eta bereizkeria sozial askotarikoei aurre egin beharko diete. Elkarrekin eta eskuz esku egin ere.

 

 

Coca-cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Narrazioa 
Susa

Frank O'Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O'Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena. New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxe-orratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O'Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak.