Zerria: lehen irakurleendako eleberri —motz— gomendagarria

Patxi Zubizarretak Zerria gazteendako —zein helduendako— narrazio laburrarekin irabazi du Zarauzko Udalak antolatzen duen 40. Lizardi saria. Antton Olariagak egin dizkio marrazkiak eta Erein argitaletxeak plazaratu du. Ez da Zubizarretak Lizardi Saria irabazten duen lehen aldia (Matias Ploff-en erabakiak, Erein, 1992) haurrendako narrazioan irabazi zuelako beste behin.

Misteriotsua da oso liburuaren hasiera: Suitzako glaziar batean bi gorpu, animalia baten eskeletoa eta hainbat objektu aurkitu dituzte. Liburuaren protagonistak, Bereket glaziologo —emakume— etiopiarrak, ahal duen guztia egingo du misterioa argitu eta bi pertsona horiek nortzuk diren jakiteko. Ikerketaren ondorioek hara eta hona eramango dituzte irakurleak (Alpeak, Pirinioak, Zuberoa, Paris…) intriga handiz. Izan ere, izotzak iragana ukitu gabe mantendu du hainbat urtez, baina urtutakoan hasi dira ankerkeriak azaleratzen. 

Gizatasuna eta animaliatasuna parez pare jartzen ditu Zubizarretak testu dotore honetan, abiapuntua baita garai batean etxe batera sartu eta sehaska-haur bat jan zuen zerri baten historia, hiltzera kondenatu zutena.