Euskarabideak "Euskara aleka" podcasta sortu du

Euskarak Nafarroan eta hiriburuan bertan, mendez mende, izan duen garrantzia erakusten duen lan hau Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da.
“Euskara aleka” podcast sorta baten izenburua da, euskarak Nafarroan eta hiriburuan bertan mendez mende izan duen garrantzia erakusteko edota gogora ekartzeko. Euskararen gaineko printzak ematen dira 26 ataletan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, guztiak ere jakingarri eta entretenigarri, gaur egun hain hedapen handia izaten ari den euskarrian emanik: podcastean, alegia. Izan ere, zabalkunderako formatu aproposa da gisa horretako edukiak hedatzeko.

(Iturria: www.euskarabidea.es)

Podcastetan euskarak Nafarroan, bai eta hiriburuan bertan ere, mendetan izan duen garrantzia erakusteko printzak ematen dira modu jakingarri eta entretenigarrian. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta bitxikeria ematen dira ezagutzera; Nafarroa osokoak, hau da, bai Iruñekoak edo Iruñerrikoak, bai Mendialdekoak, Erdialdekoak, are Erriberakoak ere.

Entzungaietan ematen den informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen gaineko historiografia landu duten egile ezagunen ikerlanak dira, besteak beste: Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador,  Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erize egileenak.

Podcasterako material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ultzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Proiektu hau Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da.

Podcastak Euskabidearen web orrian bertan edo IVOOX aplikazioan dituzue entzungai.