Zalantzak argitzen

Zenbatetan gertatu zaigu “lehoi” hitza idaztean zalantza sortzea? Nola ote?, “lehoi” ala “leohi”. Eta zenbatetan eguna idazterakoan, “2021eko otsaila 5” eta “2021eko otsailaren 5ean” artean duda-mudan geratzea?

Gaurkoan honi buruz ariko gara; alegia, gure egunerokoan euskara erabiltzean izan ditugun zalantzei buruz eta hauek argitzeko baliabide eta app-ei buruz.

Edonori gerta dakioke halakorik: izan euskara ikasle, izan euskaldun zahar. Nolako egoera, halako zalantza. Euskara ikaslea trabatua geratu ahal da bateko edo besteko adizkia aurkitu nahian. Eta gauza bera gerta dakioke euskara eguneroko hizkuntza duen beste norbaiti; baina, zalantza beste motakoa izan daiteke (ortografikoa, semantikoa, eta abar). Ordea, batak zein besteak lasaitzeko arrazoirik badu.

Azken urteotan hamaika baliabide sortu da euskararen irakaskuntzan daudenei edota euskara eguneroko hizkuntza dutenei zuzenduak. Gaurkoan egoera honetan daudenentzako lagungarri izan daitezkeen batzuk hainbat baliabide eta app aurkeztuko dizkizuegu.

  • Adizkinator. euskaldunei eta euskalduntze prozesuan daudenei zuzendutako doako aplikazioa. Euskaltzaindiak euskara baturako onartu dituen adizki laguntzaile eta trinko guztien modu neutroak ez ezik, hikako forma alokutiboak ere eskaintzen ditu. Erabiltzaileek aditzak jokatu eta bilatzeko aukera izango dute modu erraz eta azkarrean.
  • http://aditzak.com/ Euskarazko aditzak modu azkar batean jokatzeko balio duen aplikazioa da.
  • Deklinabideapp. Euskal deklinabidea lantzeko tresna.
  • Xuxen. Euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzen ditu, ahalik eta modu eroso zein eraginkorrenean.
  • Mintzatu. Euskaraz hitz egiten den munduko lekuen sarea da. Aplikazio honen bidez euskaraz hitz egiten duzun lekuak sortu, identifikatu eta zabal ditzakezu eta edukiez osatu: argazkiak, iruzkinak, plataforma barruan lagun berriak egin eta elkarrizketak izan.
  • Euskara blai blai blai podcasta. Etxetik euskara praktikatzeko aukera eskaintzen du.
  • Euskarazko aplikazioak batu eta sustatuko dituen webgunean gehiago aurkituko dituzue: Euskalapps.net