IKA euskaltegietatik dator notizia...
Gure euskaltegiak Arturo Campion du izena eta zera baino errazagoa da aurkitzea, Comedias kalean, Sarasate Pasealekua eta Gazteluko Plazaren ondo-ondotxoan baitago. Euskal Herriko euskaltegi aitzindaria da eta bere ikasgeletatik ikasle – pertsona – anitz pasa dira eta ez irakasle gutxi.
Gure taldea B2 Mintza da, gehienok astelehenetik ostegunera 2 orduz ari gara. Guri gehien interesa zaiguna mintza egitea da eta horretara etorri ohi gara batez ere. Izan ere, gure egunerokotasunean ez dugu-eta aukerarik izaten euskaraz aritzeko.
Astean behin, gutako batek hitzalditxoa prestatu eta klasean aurkezten du. Irakurtzeari ere ekin diogu. Egunotan “Miñan” liburu ospetsua irakurri berri dugu eta berehala beste batekin hasiko gara.
Hala ere, dena ez da berba antzua, eta gramatika edota araudiak errepasatu edo ikasten saiatzen gara. Batzuetan, ordea, hainbeste hitz egiten dugunez, ariketak bukatzeko larri ibiltzen gara.
Esan beharra dago gure irakaslea, lanbideaz gain, psikoterapeuta ere bihurtzen ari dela. Batzuk urte dexente daramagu elkarrekin eta taldeko giroa aparta da, txantxak eta barreak egunero. Gero lasaitasun osoz hitz egiten dugu.
Joan den ikasturtea normal hasi ginen, beti bezala, baina martxoan, koronabirusaren ondorioz, aurrez-aurreko klaseak bertan behera geratu ziren. Gure klaseekin segitzeko, sare sozialak erabili behar izan genituen, bai bideodeiak egiteko bai bestelako ariketak burutzeko. Nahiz eta euskaltegiko beteranoenak garen, nahiko ongi moldatu ginen teknologiarekin.
Aurten, berriz, ikasketa presentziala berreskuratu dugu eta, zer esanik ez, bada aldea! Bai horixe!
Momentuz, euskaltegi osoan, positibo bakarra izan da – gure irakaslea – eta egun batzuk online eman ondoren, betiko jarduerekin jarraitu genuen.
Klasean mintza, ariketak eta irakurketa lantzeaz gain, euskaltegian beste jarduera asko egiten dira. Pintxo dastaketa, Gabonetan bi ekitaldi egiten ditugu: dirua lortzeko geuk prestatutako Gabon saskiak zozketatzen dira eta gero jaialdia, non klase bakoitzak antzerkia, kantatu edo nahi duena egiten duen. Otsaila aldean, inauteriak ospatzen ditugu, partxis txapelketa eta ikasturteari amaiera emateko bazkari erraldoia, guk San Arturo bazkaria deitzen duguna. Ahaztu gabe, Sanferminetan Zaldiko-Maldiko elkartean taberna zabaltzen dugula eta txanda egitea behin baino gehiagotan suertatu zaigula...
Ikasturte bakoitzean proiektu bat prestatu ohi dugu: duela urte zenbait, argazkiak eta testuak uztartuz, erakusketa polita egin genuen, orain dela bi kurtso aldizkari dotore askoa egin genuen, pasa den urtean, COVID19 dela eta, online izan zena.
Aurtengo ikasturte honetarako ere hainbat egitasmo genituen eta pentsatuak genituen txango interesgarri batzuk egitea gustatuko zitzaigun, baina ez dakigu aurten posible izanen den.
Bukatzeko, hasieran zertxobait aipatu dugu gure euskalegi honen garrantziaz eta hemendik pasa den jendeaz. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi, datorren ikasturtean Arturo Campion euskaltegiak 50. urteurrena bete eta ospatuko duela. Gu hemen izanen gara eta zu gonbidatuta zaude!
IKA Arturo Campion euskaltegiko B2 Mintza.