Eguberrietan oparitu euskara

Olentzero ailegatzear denean, opariak egiteko eta hauek hautatzeko ohitura dago gurean. Euskarazko materiala oparitzeko orduan han-hemenka bilaketan ibili beharrean aukera ederra duzue "Euskarazko Produktuen Katalogoa" begiratzea. Bilduma honetan, haur eta gazteen aisialdirako eta gozamenerako baliabide ugari topatuko dituzue: jostailuak, komikiak, liburuak, app-ak, filmak, eta abar.

Opariak aukeratzeko orduan hainbat alderdi hartzen dira kontuan: opariaren kalitatea, edertasuna, hezteko duen gaitasuna eta egokitasuna, eta nola ez, jolas egiteko edota gozatzeko opari horrek eskaintzen duen hizkuntza ere; alegia, arrazoi erabakigarria seme-alabak euskaldun hazi eta hezi nahi dituenarentzat.

Euskarazko Produktuen Katalogoan opari-gai horien inguruko informazio zabala eta egokia aurkitu ahal duzue.

Bi formatutan dago eskuragai katalogoa. Batetik, webgunea dago eta, bestetik, liburuxka. Biak oso erabilgarriak dira. Adinaren araberako sailkapena dute: 0-12 eta 12-16 urte bitartekoentzat. Horrez gain, atal hauek aurki ditzakegu: musika, filmak, informatika eta app-ak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailuak eta jokoak, gurasoentzako materiala, ikasmaterialak eta ebookak.

Gainera, informazio praktikoa eskaintzen da: adina, prezioa, egilea, argitaletxea…

Katalogoak helburu bikoitza du: Batetik, euskal kultura sustatzea, euskal produktuei ikusgarritasuna emanez, jakinda horrek kontsumoa handitzen lagunduko duela, ahaztu gabe euskal sortzaileei eta euskal kultur industriari babesa emateko modua ere badela eta, bestetik, euskara bera sustatzeko.

Haur eta gazteentzako opariez gain helduei begira ezin ahaztu Durangoko azokako webgunean aurten aurkeztu diren nobedadeak ikusi ahal izango dituzue. Hortaz, aukera paregabea izanen du euskal kulturaren uzta berriaz gozatu nahi duenak. Azken batean, bai katalogoan, bai Durangoko azokan, helburua berdintsua da: euskaraz sortu den produkzio kulturalaren berri ematea.

Horren erakusle, esate baterako, Lorerik gorriena album ilustratua, Etxepare sariaren irabazlea eta berriki aurkeztua: Beldurra gainditu eta nork bere bidea hartzeko gonbita egiten du ipuin honek. 6 urtetik gorakoentzako marrazki ederrerz hornitutako irakurgai bikaina.

Amaitzeko, aurten inoiz baino gehiago, tokian tokiko liburu-dendei, paper-dendei eta abarrei begiratu nahi diegu. Gainera, gogorarazi behar dizuegu udal askok tokiko merkataritza-saltokietan erosketak egiteko kopuru desberdineko bonuak jarri dituztela herritarren esku.