Ur goiena, ur barrena

Nafarroako zenbait herritan kantuan emanen diote hasiera urte berriari, `Ur goiena, ur barrena´ kopla zaharrak abestuz.

 

Urdiainen uraren erritua bizirik

Urteberri kantuen artean ezagunenetakoa da Sakanako Urdiain herrikoa. Izan ere, kopla zaharra ez ezik, bizirik mantendu dute ur berriarekin lotutako usadioa ere: gauerdiko 12:00ak jotzearekin batera, herriko bi gaztek iturriko urez betetzen dituzte pitxerak eta, Ur goiena, ur barrena abestearekin batera, herriko agintarien eta herritarren artean banatzen dute ur berria.

Jose Maria Satrustegik ikertutakoaren arabera, ur berriaren tradizioa zibilizazioa askotan errepikatzen da. Uste zen zeru-gangan ura zegoela, goi-goitik euria ari baitzuen (ur goiena). Lurrazalaren azpian, halaber, laku handi bat zegoela uste zen, eta handik zetozen iturburuak (ur barrenarena). Horrela, urte berria hastearekin batera, bi urei dei egiten zaie: goikoari eta behekoari. Ur berriak urte guztiko gaitzetatik babesteko balio zuela sinesten zen. 


Kopla zaharretan aztarna

Sakanako beste herri batzuetan galdu egin da urteko lehen ura hartzeko erritua, baina kopla zaharrak abesteko ohiturak bizirik dirau. Herri batetik bestera letra eta melodia apur bat aldatu arren, oso antzekoak dira, baita Nafarroako beste herri askotakoak ere, Larraun aldean, kasu. Uraren erritua mantendu ez arren, arrastoa utzi du kopla zaharren letran:

`Ur goiena, ur barrena, 
urte berri egun ona. 
Urte berri egun ona
baita guk ere umore ona”

 

Kopla zaharrak eta bertsio berriak

Manuel Lekuonaren esanetan, Ur goiena, ur barrena kopla zaharrak dira. Kopla zaharrak ahozko euskal literaturako moldea da, bertso berrietatik bereizteko izendatzen dena. Batez ere, eskeko ibilaldietan erabiltzen ziren zenbait urte sasoitan (Gabonetan, Urteberri egunean, Santa Ageda bezperan edo Sanjoanetan). 

Kopla zahar horietako asko Resurrección Maria Azkuek jaso zituen bere euskal kantutegian (Cancionero Popular Vasco. 1922-1925). Haietako batzuk bere horretan iritsi dira gaurko egunera. Beste batzuk, ordea, aldatu egin dira. Adibidez, Etxarri Aranatzen, Francisco Urrestarazuk 1930eko hamarkadan konposatu zuen bertsioa abesten da gaur egun.

Euskal abeslariei esker, Gabonetako eta Urte zaharreko kopla batzuk ezagunak dira Euskal Herria osoan. Horien artean daude Pantxoa eta Peioren Dios te salve, Lapurdiko Ziburu herriko kopletan oinarritua; Izaroren Urte berri egun ona edo Olatz Salvadorren Ur goiena, ur barrena