TTAP: euskarazko aldizkari multimedia, esku eskura

Ttap euskarazko aldizkari digital multimedia bat da. Gailu mugikorretan, eskuko telefonoetan zein tabletetan kontsumitzeko espresuki diseinaturiko argitalpena.

Edukiak irakurri, entzun, ikusi eta ukitu daitezke,  hainbat formatutan eskaintzen baititu: idatzizkoa, audioa, bideoa, ilustrazio interaktiboak… Gozatu ahal izateko, Ttap-en aplikazioa deskargatu beharra dago. 

Aldizkariaren helburua sakelakoan edozein unetan gozatzeko moduko aldizkaria eskaintzea da: billabesan, dentistaren itxaron gelan, fruta dendako ilaran.  
Azken bi urteotan, Euskal Herri osorako edizio bakarra plazaratzen du Ttap-ek. Aurretik, urte betez, edizio nafarra izan zuen. Baita, urte gehiagoz, gipuzkoarra eta bizkaitarra ere. Edizio nazionalean, edukien eta kolaboratzaileen ia heren bat nafarrak izaten dira. 

   

Zenbaki bakoitzaren eduki nagusia elkarrizketa bat izan ohi da, zer kontatua duen pertsona bati egindakoa. Solasaldi hori bideo formatuan grabatzen da, hiru kamerarekin, asko zainduriko irudiekin. Eta bideoa ez ezik transkripzioa eta audio grabazioa eskaintzen du aldizkari multimediak. 

Elkarrizketaz landara, beste hainbat atal izaten dira. Bideo iritzietan, Angel Erroren, Oier Zuñigaren eta Joli Pascualenaren ekarpenak dira gozagai. Audio kolaborazioetan, Ion Celestino, Lohizune Amatria eta Aingeru Epaltzarenak. Idatzizkoetan, Oskia Uharterenak eta Isa Egigurenenak. Literaturari buruzko atalean, Katakrak eta Karrikiri denden liburu gomendioak aurki daitezke. Badira, halaber, modari edo teknologiari buruzko tarteak. 

Ttap-en argitaratzailea ADM enpresa da. Hori osatu dute Tokikom tokiko euskal hedabideen plataformak eta beste hainbat tokiko hedabidek, tartean, Euskalerria Irratiak. 
Informazio gehiago jaso eta aplikazioa jaisteko: https://ttap.eus/