112 poema biziari hegalak jartzeko: poesiari beldurra kentzeko aukera on bat

Hamaika aldiz entzun dugu poema liburuak zailak eta ulergaitzak direla, eta ez direla gomendagarriak euskara ikasten ari den norbaitendako. Begoña Abaden '112 poema biziari hegalak jartzeko´, ordea, aukera ona da poesia irakurtzeko ohitura ez dutenendako, eta haien euskara maila hobetzen ari direnendako. Izan ere, edizio elebidunean dator liburu hau: gaztelaniaz eta euskaraz heldu dira 112 olerki. Itzultzailea Fernando Rey da, gainera, egun dagoen itzultzailerik onenetakoa poesiaz ari garela.

Abad poeta hurbila da, xumea, lanbidez atezaina eta afizioz idazlea. Eta bere testuak ere horrelakoak dira: soilak eta sakonak, aldi berean. Ez da kasualitatea 112 izatea itzulitako poema kopurua, hori baita buruan dugun zenbakia larritasunen bat dugunean. Hona hemen adibide batzuk: 

GURE AMAREN NEURRIA
Ez dakit esan ote dizudan: 
gure ama txikia da 
eta hanka-puntetan jarri behar du 
niri musu emateko. 
Orain dela urte batzuk, 
segur aski ni tentetzen nintzen 
hari musu bat lapurtzeko. 
Bizitza guztia eman dugu 
luzatzen eta makurtzen, 
elkar maitatzeko 
neurri egokiaren bila.

 

ORDENA
Den-dena ordenatzen erakutsi zidaten: 
tiraderak, neguko arropa eta udakoa, 
orri osoak eta orri laurdenak, 
liburuak alfabetoari jarraikiz, 
argazkiak datei erreparatuz, 
lapikoak tamainaren arabera, 
kafesnerako katiluak eta kafe hutserakoak... 
Haragirako mahai-tresnak eta arrainerakoak.
Edari arinak eta bestelakoak. 
Lixibak, garbigarriak, 
kristalak garbitzeko trapu zaharrak 
edo baldosak garbitzekoak.
Mahai-zapiak ordenatzen erakutsi zidaten, 
maletak antolatzen, 
hozkailua ongi hornitua izaten 
eta izoztutako elikagaiak etiketatzen. 
Inork ez dit oraindik erakutsi, ordea, 
nola ordenatu musuak; 
nonbait ez daki inork, inork ez du esaten.
Bakarrik ikasi dut, 
hala ikasten baitira bizitzan aurrera egiteko 
balio duten gauza guztiak, 
edonoiz, edozein ordutan, 
hotza izan edo beroa izan, 
norbaitekin egon edo bakarrik jarraitu.

 

MOZKORTZEN AHALKO NINTZEN... 
Mozkortzen ahalko nintzen 
antsiolitiko indartsuekin 
edo vodka merkearekin. 
Kokainaren menpekoa bihurtzen ahalko nintzen, 
telenobelena 
edo txokolatearena. 
Zure absentzien adikzioa garatzen ahalko nuen, 
zure desamodioarena, 
zure oinazearena, 
zure kontraesanen zerrendarena, 
baina nahiago izan nuen jakin 
zer ote ziren bizkarrean 
sortzen ari zitzaizkidan bi kozkorrak, 
eta, orduan, hegaldatu. 

Begoña Abaden poemak Denonartean argitaletxeak argitaratu ditu, baina badaude beste liburu interesgarri batzuk beste argitaletxe batzuetan poesiara hurbildu ahal izateko: Susa argitaletxeak plazaratu du Leire Bilbaoren Etxeko urak, amatasunari buruzkoa, baina ez amatasun idiliko batetik idatzia. Aipagarria da ere Erein argitaletxeak argitaratutako Eva Perez-Ponsen Zaharkitze programatua. Feminismotik idatzitako poema-liburu honek maiz ditugun kontraesanak azaleratzen ditu. Elkar argitaletxeak ere badu bere poesia bilduma, eta Unai Maleskiren Hau ez da poesia guztiz gomendagarria da guztiz ezohikoa den aldetik: ironiaz eta umorez betetako poemak dira. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Jon Gerediagaren Natura berriak, Pamiela argitaletxearena. Egiten dituen naturari buruzko deskribapenak zoragarriak dira.