Euskara ziklo oparoa Berriobeitin

2021ean ere, pandemiaren ondorioz, ezinezkoa suertatu da Berriobeitin ohiko den Euskararen Jaia antolatzea.
Helburu ezberdinak ditu jai horrek, baina horietako bat euskarari ikusgarritasun soziala ematea da. Xede horri begira, ohiko jaia gabe, Udalak euskararen inguruko ziklo aberatsa antolatu du, adin ezberdinetako publikori zuzendua.

Flamenkoa eta euskara uztartzen dituen Sonakay talde donostiarra izanen da plater nagusia, baina bestelako ekitaldirik ere izanen da. Publiko ez-euskaldunari zuzendua, ‘Euskara maitatzen hasteko hitzak’ izeneko erakusketa antolatu dute, hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonak euskarara hurbiltzeko. 

Bertsolaritza musikatuan oinarritutako Gurerara ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak. Bi ikus-entzunezko ere eskainiko dira. Lehenengoa, Iñaki Alforja zuzendariaren Euskaraldiari buruzko Biziprest dokumentalaren aurkezpena. Bigarrenik, euskarazko film laburren Laburbira gala eginen da. 

Haurrentzako kale jolasen bi saio izanen dira eta zikloari bukaera emateko Zirika Zirkusek Hemendikara ikuskizuna estreinatuko du.

Informazio gehiago ELAIDEko agendan eta udal webgunean.