Touré detektibea, paperetik pantailara

Gaur, otsailak 1, estreinatuko da, primizian eta euskaraz, PRIMERAN plataforman “Touré detektibea” telesaila. Lehen hiru kapituluak ikusi ahalko dira eta astero eskainiko dira estreinaldiak. 


Jon Arretxe idazlearen eleberrietan oinarritutako Touré detektibea telesaila gaur, otsailaren 1a, estreinatu da PRIMERAN plataforman. Zehazki, lehen 3 atalak ditugu ikusgai, primizian eta euskaraz, euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handienean.

Mahamoud Touré da fikzioaren protagonista, Bilbon bizi den etorkin ginearra. Bat-bateko detektibe gisa bizimodua ateratzen du. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du Touré. Mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre, eta adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko.

Malcolm Treviño-Sitté aktore protagonistak aktore esanguratsuak osatutako lantalde zabala du ondoan; hala nola, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.

David Perez Sañudo (Ane) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta (Los misterios de Laura) detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute Touré Detektibea telesaila.

Touré detektibea Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Filmaketa Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan egin da, tartean Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian edo San Frantzisko auzoan.