'Bizkarsoro' filmaren estreinaldia ostiralean

'Bizkarsoro' filma ostiralean estreinatuko dute Euskal Herriko zazpi lurraldeetan: Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Baionan, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Altsasun (Nafarroa) eta Maulen. Filmak euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen du.

Josu Martinezek zuzendutako filmak euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen du 1914 eta 1982 bitartean gertatzen diren bost istorioren bitartez. 

Bizkarsoro fikziozko herria da, baina, aurkezpenean adierazi dutenez, «Euskal Herriko edozein herri izan daiteke». Bai Martinezek bai Barandiaranek uste dute Euskal Herriko edonor identifikatuta sentitu daitekeela filmeko pertsonaiaren batekin edo egoera batekin: «Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak». 

Bizkarsoro filma 2023ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, lehendabizikoz. Ostiralean Euskal Herriko zazpi lurraldeetan estreinatuko dute. Filmaren emanaldi bakoitzean solasaldi bat ere eskaini nahi dute egileek, Barandiaranek adierazi duenez: «Nahi dugu, proiekzioen ostean, dinamizatutako solasaldiaren bidez, euskaldunok gai honi buruz hitz egin dezagun». Egileek uste dute «oso garrantzitsua» dela Euskal Herriko historiari eta orainari buruz mintzatzea, euskarak pairatzen duen oldarraldia ulertzeko eta ezagutarazteko. 

Altsasuko emanaldia
Estreinaldietako bat Altsasuko Iortia kulturgunean izanen da, urtarrilaren 12an, 19:30ean. Sarrerak salgai daude webgunean edo leihatilan.