Martxan da “Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko” Labaren podcasta

Iragan martxoaren 17an aurkeztu zuten Laba sareak Euskalerria Irratiarekin elkarlanean sortutako podcasta. Iruñerriko gaiak lantzen dituen umorezko saioa da, Laba aretoan zuzenean grabatzen dena. Joan den ostegunekoa proba saioa izan zen, zerogarrena, eta apirilaren 7tik aurrera hamabostean behin grabatuko da, 19:30ean, Laban.

"Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko" da podcastaren izen osoa eta  Yasmine Khris eta Iker Tubia aurkezleak. Bertako albisteei errepasoa emanez hasiko dituzte saioak, Markesinan gaur albiste buletinarekin. Atal horretan zenbait titular irakurri eta komentatu dituzte, baita Iruñerriko auzo eta herrietan gertatutakoak kontatu ere. Ondoren, parranda giroko istorioak izanen dituzte aipagai Badakit zer egin zenuen azkenengo parrandan atalean.

Elkarrizketa bat ere izanen da saio bakoitzean, eta elkarrizketatuaren ohiko gaiaz hitz egitea debekatuta egonen da. 0. saioan Amets Aranguren elkarrizketatu zuten, Ibil Bedi taldeko kidea, eta debekatuta zegoen musikaz hitz egitea.

Kontsultorio bat ere badu saioak: Ez da niretzat, lagun batendako da. Jendeak Laban dagoen poto batean idatzitako galderei eta iruzkinei erantzunen diete saioen bukaeran. Azkenik, mikro irekia izanen da, eta sententzia batekin bukatuko dira saio guziak.

Podcasta Euskalerria Irratiaren webgunean zabalduko da. Horretaz gain, ohiko plataformetan entzun ahal izanen da (Spotify eta Ivoox).