Koruro: ikasgela sarean

Koruro.com ikasleei, irakasleei edota ikasteko irrikan dagoen jendeari zuzendutako hezkuntza-webgunea da.

Koruro irakasle batek gara dezakeen hezkuntza-berrikuntza sinple eta errealaren adibide bat da; hortaz, ikasgelarako sortzen duena partekatzeko erabiltzen du sarea. Helburua mundu osoan erreferentzia den hezkuntza-webgunea izatea da, eta, horretarako, modu erraz eta bisualean azaldutako hezkuntza-edukiak eskaintzen dituzte bertan.

Proiektuaren atzean Ander Benito eta Xabier Madorran ditugu. Ander telekomunikazioetako ingeniaria da eta, batez ere, webgunearen garapenaz arduratzen da. Xabier, aldiz, irakaslea da, eta, batez ere, edukiaz arduratzen da.

Beren hitzetan, “irakasleok hezkuntza-baliabideak edo -tresnak erabiltzen ditugu gure klase bakoitzean. Eta hezkuntza formalean betidanik erabili den baliabide nagusia testuliburua izan da.

Gaitasunen araberako hezkuntza eta, batez ere, digitalizazioa iristean, gero eta gehiago gara ikasgelan hezkuntza-baliabide digitalak erabiltzen ditugun irakasleak. Hori da gure kasua, izan ere, artikulu honen atzean bigarren hezkuntzako irakasle euskaldun bat dago, urteak daramatzana bai hezkuntza eduki digitalak sortzen, bai beste batzuek sortutakoak erabiltzen”

Eurek sortu dute partekatu.com, euskara hutsetik modu erraz eta bisualean ikasteko aukera ematen duen webgunea. 

Partekaturen bereizgarri nagusia izaera erraz nahiz bisual hori da. Eta honako hauek dira webgunea halakoa izatea ahalbidetzen duten ezaugarriak:

  • Webguneko egitura oso sinplea da, artikuluak koloreen bidez bereizitako hiru atal nagusitan antolatuta dituelako: gramatika, lexikoa eta bloga.
  • Partekatu euskara hasieratik ikasten ari den jendeari zuzenduta dagoenez, webgunea bera eta bertako azalpenak gaztelaniaz daude.
  • Atariko artikuluetako edukiak euskara ikasten ari direnen benetako zalantzak dira. Izan ere, Partekatun sortutako artikuluak Google-n jendeak bilatzen duena kontuan izanda eginak direlako.
  • Atariko artikuluak hurbiltasunez idatzitakoak eta doakoak dira, eta adibide nahiz irudiz josita daude.

Beraz, badakizu: webgunea gogoko baduzu, erabili eta, era berean, partekatu.