"Korrika kulturala" Korrikaren etorrera girotzeko

Korrika euskararen aldeko ekimen erraldoia da, hizkuntzarekiko aldekotasuna irudikatzeaz gain, zirrara handia eragiten duena. Korrikaren etorrera girotzeko "Korrika kulturala" egiten da beti. Herriz herri hainbat ekitaldi antolatuko dira datozen asteotan.

Korrikak herritarrengan sortzen dituen atxikimendua eta sentimenduak ongi biltzen ditu berriki aurkeztuko duten Uhainak dokumentala.
Korrikak, Korrika Kulturalaren bitartez, jendarteari zerbait eskaini nahi dio bueltan Korrikaren alde egindako lanagatik. Hartara, kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanez.

Aurtengo Korrika kulturalean, tokian-tokian egitaraua osatzeko antolatuko diren ekitaldiez gain, honako hauek izanen dira berariaz Korrikatik eskainiko direnak: Hautsi da anphora (Ruper Ordorika & Mugalaris eta Bernardo Atxaga), Kantu Bat gara (Jon Maia), Antigone eta ezetzaren beharra antzezlana, Erre emanaldia bertsoa eta antzerkia biltzen dituena, Amua antzezlana eta Porrotx eta Marimotots.

Korrika kulturalaren agenda osoa ikusteko sakatu hemen.

Korrika kulturalari buruzko informazio gehiago aurkitzen ahal da hemen, tartean hurrengo edizioari begira antolatu duten kultur sorkuntza bekari buruzkoa.