Iruñaldia, euskarazko kultura garaikidea protagonista

Iruñaldia kultura-jaialdiaren lehen edizioak euskaraz sortzen ari diren proposamenik berritzaileenak eta ausartenak plazaratuko ditu hiri buruzagian, azaroaren 18tik 23ra bitartean.

Heldu den astean hasita eta sei egunetan, Iruñea euskaraz sortutako kultura garaikidearen topaleku eta erdigune bilakatuko da. Hainbat diziplinatako euskal sortzaile erreferenteak eta talentu berriak bilduko dira Iruñeko Alde Zaharreko bederatzi gunetan, denetariko proposamenak aurkezteko: musika, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza eta beste hainbat adierazpen artistiko; 10 jarduera, guztira.

Edizio honetan parte-hartzaile hauen lanaz gozatu ahal izanen da: Duguna-Iruñeko dantzariak, Broken Brothers Brass Band, Pabellón 6 Gazte Konpainia, Ana Galarraga, Petti, Angel Erro, Maria eta Idoia Oses, Maialen Lujanbio, Kukai, Lide Hernando, Maialen Errotabehere, Nerea Erbiti, Patxo Telleria, Maider López, Adrián García de los Ojos, Mikel Inun, Sergio Mayoral, Baztango Xurie Upategia, Sarai Robles eta Sustrai Colina.

Iruñaldia jaialdiak euskal sormenaren oraina eta etorkizuna ezagutzera ematea du helburu, eta Iruñeko Udalaren eta Loraldiaren lankidetzari esker sortu da, Laboral Kutxaren babesarekin. Halaber, bertako euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten lau eragilek ere lagundu dute: Katakrak, Karrikiri Iruñeako Euskaldunon Topagunea, Laba eta Zaldiko Maldiko.

Egitarau osoa ikusgai duzue gure agendan eta irunaldia.eus webgunean.