Euskara Zero, euskarara hurbiltzeko

Zerotik hasita, euskarara hurbildu nahi duzu? Hori da Burlatako Udalak eta Sakanako Mankomunitateak antolatutako ikastaroen helburua. Munduko hamaika herrialdetatik etorritako hainbat herritarrek euskarara hurbiltzeko aukera probestu dute. 

Euskara Zero

Burlatako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Kultur-aniztasun eta Migrazio Zerbitzuak Euskara Zero ikastaroa antolatu dute, AEK-rekin batera. 2018an antolatu zuten lehenengoa eta ordutik urtero antolatu da. Matrikula dohainik da. 

Urriaren 8tik azaroaren 26ra, asteartero, bi orduko klasea izan dute. Ikastaroan hemeretzi lagunek eman zuten izena euskara “zerotik” hurbiltzeko helburuz. Burlatarrak gehien-gehienak, goraipatzekoa da haien jatorri aniztasuna: Ekuador, Peru, Kadiz, Brasil, Maroko eta Nafarroa. 

 

Euskara hurbiltzeko ikastaroa

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Anitzartean kulturarteko Zerbitzuak euskara hurbiltzeko ikastaroa antolatu dute, AEK-rekin batera, Irurtzunen. 60 orduko ikastaroa da. 5 euroko matrikula ordaindu behar da, baina gutxienez %80ko asistentzia dutenei matrikula itzuliko zaie. 

Ikastaroa urriaren 30ean hasi zen. 8 lagunek eman dute izena. Gehienak Irurtzunen bertan bizi dira, baina inguruko herrietatik joaten direnak ere badira. Jatorri anitzeko taldea da: Maroko, Kolonbia, Kongo, Ekuatore Ginea, Burgos, Arrotxapea…

Otsailaren bukaerara arte gure hizkuntza eta zenbait ohitura ezagutzeko aukera izanen dute.