Ingura, euskara ikasteko bide berritzailea

Azken urteotan autoikaskuntzak eta online ikastaroek ikasketa panorama astindu dute, ez bakarrik euskarari dagokionez. Honez gero badira urte batzuk euskaltegiek eta bertzelako erakundeek euskara Internet bidez ikasteko plataforma eta metodoak eskaintzen dituztena. Berriki aurkeztu duten Ingura plataforma digitalak hobekuntza nabarmenak eta baliabide gehiago dakartza. Plataforma honen atzean erakunde publikoak daude, tartean Euskarabidea.

Ingura euskara ikastea herritar guztien eskura jartzea helburu duen plataforma digitala da. Gaur egun A1 eta A2 mailetako ikastaroak egiteko aukera eskaintzen du, eta euskaltegietan izena emanda, ikastaroa tutore batekin egiten ahal da. Inguraren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: egitura hagitz argia du, trebetasun guztiak (irakurri, idatzi, ulertu eta mintzatu) lantzen ahal dira, azalpen bideo anitz badira, ikas unitate bakoitzeko kultur atal bat bada, eginbeharrak eta izenburuak lau hizkuntzatan daude (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), eta A1 maila egiaztatzen ahal da. 

Inguraren abantailak begi bistakoak dira, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi konektatzeko aukera ematen du, euskara eroso eta malgu ikasteko. Badira bakarka egiteko jarduerak eta norberak zuzentzen ahal dituenak, taldekakoak, eta irakasle batek gidatu eta zuzentzen dituenak. Ikasleek hasieratik hasten ahal dira euskaraz solastatzen, euren ahotsa grabatu eta konparatuta, eta talde elkarrizketen bidez. 

Urriaren 6an, 2025-2026ko ikasturtearen irekiera ekitaldia antolatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta horren baita Ingura plataformari buruzko hitzaldia eman zuen Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak.