`Euskara Ahora´: Helduen euskalduntze kanpaina dirulaguntza igoerarekin dator

Nafarroako Gobernuak %100 arteko dirulaguntza emanen du A1 mailan eta gainerako mailetan 475 eurora artekoa. Laguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin. 

 

Helduen euskalduntzea sustatzeko `Euskara Ahora´ kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako zenbait entitatek eta eragilek: Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez; Nafarroako 34 toki entitatek; Zubiarte euskaltegiak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiak eta Bai&By-k. 

Euskaltegietako matrikulazio epea irekitzearekin batera, Nafarroako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian izena ematera animatu dituzte. Iazko bideari jarraituz, “Ez galdu une hau” leloaren bidez, euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu nahi dira. Euskarrietan euskarari esker zabaltzen diren aukerak erakusten dira: seme-alaba txikiekiko harremana, lagun berriak, lan-aukerak, euskarazko kultura-eskaintza zabalaz gozatzea, etab.

Euskaltegiek bost hamarkada daramatzate Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen. Euskaltegien ordezkariek gertuko euskategian edo lantokitik gertu dagoenean izena emateko deia egin zuten. Elaide webgunean eskura duzue Nafarroako euskaltegien mapa

Sustapen-kanpaina irail osoan eginen da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira, esku-orriak banatuko dira eta iragarkiak jarriko dira tokiko komunikabideetan eta markesinetan. 

 

Dirulaguntzak gora

Aurten, Euskarabideak 560.000 euro bideratu ditu norbanakoen dirulaguntzetara, iaz baino 210.000 euro gehiago, hau da, %60 gehiagoDirulaguntza deialdiaren gakoak:

- 2025-2026 ikasturtean A1 mailan matrikulatzen direnek %100era arteko laguntza jaso dezakete.
Gainerako mailetan 475 eurora arteko dirulaguntza jaso ahal izanen dute.
- Laguntzak bi epetan ordainduko dira: abenduan eta ikasturtea amaitzean.
- 2025-2026 ikasturteko Euskarabideko dirulaguntza eskatzeko epea zabalik egonen da urriaren 31ra arte.

Euskarabidearen dirulaguntzak bateragarriak izanen dira toki entitateek ematen dituzten laguntzekin. Elaide webguneko dirulaguntzen atalean toki entitateen dirulaguntzen berri aurkituko duzue.

 

Ingura: euskara ikasteko plataforma digitala

Prentsaurrekoan Ingura plataforma digital publikoaren berri eman zuten. Inguraren bidez, euskara ikastea guztien eskura jarri nahi da. Gaur egun, A1 maila egiteko aukera dago. Bi modalitatetan egin daiteke: nor bere kasa edo euskategi batean izena emanda, ikastaroa tutoretzapean egin ahal izaneko.