Horra, horra, gure Olentzero!

Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain sei urte Iruñean Olentzero emakumea Duguna dantza taldeko kideek.

Argazkia: Duguna

 

"Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean Olentzero emakumea Duguna dantza taldeko kideek.

Asmatu zezaketen, baina ez zuten asmatu beharrik izan. Tradizioan ere Olentzero emakumea izan baita. Leitzan adibidez. Haien blogean beren esperientziaren berri eman izan dute Dugunakoek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kide den Fernando Oiartzunek erantzun interesgarria utzi zigun, bertan.

Irudia: Duguna

 


Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz:"Gure herrian, Leitzan, diozuen bezala aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu dugu: JM Barandiaran 1920urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Guk etxean ere horrela jaso genuen eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman digu horren berri." 

Irudia: ALKE

 

 

 

Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten: txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek. 
Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.

Argazkia: Baleike 

 

 

Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da. 

Argazkia: guregipuzkoa.eus

Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Baina merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du tradizioak.

Jatorrizko testua: dantzan.eus eta @aritzibanez