EUSKARALDIA. Eta orain zer?

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Zenbat gara?
Zenbat gara? galdetzen zuen azkeneko Euskaraldiaren kantuaren errepikak. Erantzuna hurrengo bertsoan: Asko eta ez aski.
180.000 ahobizi eta belarriprestok egin genuen azken Euskaraldian ariketa masiboa. 20.000 inguru Nafarroan. 25.000 arigune sortu ziren eta 8000 egoitzatan egin zen ariketa (700etan Nafarroan).

Pandemiak sortutako ezinegonaren eta etsipenaren aitzinean, hamarnaka izan dira Nafar geografian antolatu eta aktibatu ziren batzordeak. Zailtasunak zailtasun, agerikoa izan da krisialdiari euskaratik aurre egiteko aski indar eta gogo dagoela. Elkarlanean, indarrak biderkatzeko gaitasuna dugula ikusi eta bizitu baitugu.

Asko baikara gure hizkuntza ohitura eta inertziak astindu nahi ditugunak. Euskararentzat, guretzat, mundu berriak, espazioak aritzeko gune bilakatu nahi ditugunak, alegia.
Beraz, zenbat gara? baino, Zenbat izango gara? Biharko, etziko, datorren asteko euskararen herrian eutsiko al diogu ariketari?

Eguneroko ariketa
Euskaraz bizitzea eguneroko ariketa da kantatu zuen Julio Sotok Antsoainen egin genuen irekiera ekitaldian. Eta euskarak 365 egun izan ditzan ari gara, milaka lagun, pertsonala bezain kolektiboa den, kolektiboa bezain pertsonala den, ariketa egiten.

Euskararen maratoia luzea da, entrenamendu asko eta jarraituak behar dituenak. Eta horretan ari gara,  Praktika orok behar duelako bere ikasketa, partida orok behar baitu bere beroketa.

Datozen hilabeteetan ere, jarrai dezagun gehiago, gehiagorekin, gehiagotan inertziak apurtzen; egunean 24 orduz, astean 7 egunez. Euskarak 365 egun ditu eta.