Euskalbar: ordenagailuan euskaraz

Entzun edo irakurri duzu euskarazko hitz bat, eta zalantza sortu zaizu: Zer esan nahi du hitz horrek? Badu sinonimorik? Zein testuingurutan erabiltzen da? Gaztelaniaz nola esan daiteke? Eta frantsesez nola ote da? Eta ingelesez?

Aspaldiko lagun bati mezua bidaltzen ari zara, eta ezin duzu asmatu zerbait euskaraz nola esaten den. Ordenagailu baten aurrean bazaude eta Interneterako konexioa baduzu, ez dago arazorik, hainbat hiztegi eta baliabide ditugulako kontsultatzeko.

Baina horietako zein aukeratuko duzu? Batean aurkitu ezean, beste batean begiratu beharko duzu. Eta badakizkizu guztien helbideak? Badago aukera bat horietako asko batera kontsultatzeko. Euskalbar du izena, eta Firefox eta Chrome nabigatzaileekin erabiltzeko gehigarri bat da.

Oso erraz instalatzen da, Firefoxen hemen klikatuta eta Chromen hemen
Firefoxen Behin instalatuta, botoi gorri bat agertuko zaigu nabigatzailearen goialdean eskuinean, eta hori sakatu besterik ez dugu egin beharko Euskalbarren kontsultak egiteko. Chromeren kasuan goialdean eskuinaldean dagoen luzapenen botoia klikatuz aterako zaigu.

Euskarazko ia 80 baliabide digitaletan egin ditzakegu bilaketak Euskalbarren bidez, besteak beste: euskara hutsezko hiztegi orokorrak, hiztegi orokor eleaniztunak, sinonimoen hiztegiak, hiztegi terminologiko edo tekniko orokorrak, hiztegi terminologiko edo tekniko espezializatuak, fraseologia- hiztegiak, euskalkietako edo herrietako hiztegiak, euskarazko corpus orokorrak, corpus eleaniztunak, corpus espezializatuak, posta-zerrendak, zuzentzaileak, estilo-liburuak eta bilatzaileak daude.

Euskalbarren kontsulta bat egiteko, kontsultaren hizkuntza-norabidea aukeratu behar da, eta bilatu nahi den hitza kutxan sartu. Hobespenetan ezar dezakegu aukeran dauden baliabide horietako zeinetan egin nahi dugun kontsulta.

Oso erraza da, baina, asmatzen ez baduzu, Laguntza botoian aurkituko dituzu argibideak.

Iturria: https://electroduda.com/euskaraz/