Errigora 2022, hitzordua Nafarroa hegoaldean

Gaurtik eta martxoaren 30era arte Errigorak abian jarri du Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura 2022ko kanpaina.

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale urte osorako eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Kanpaina hau gure eguneroko kontsumo-ohituretan eragiteko modu bat da. Izan ere, Errigora, kontsumitzeko moduak aldatuz, ekoizteko erak aldatzeko bide bat sustatzen ari da:

  • Lur-eremu berriak jarri dituzte bestelako ereduen esku.
  • Kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu dute.
  • Hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diote.
  • Eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiote.

2014an kanpaina honen lehen edizioa martxan jarri zutenetik gero eta gehiago dira Errigorarekin bat egin duten herritarrak. Iazko kanpainan, esaterako, 8.200 etxetara iritsi ziren eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu zituzten. Ondorioz, gero eta gehiago dira ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak, emeki, baina pauso sendoz, tokiko elikadura-sistemen alde eginez.

www.errigora.eus
Errigorako produktuak ezagutu eta eskaera egiteko aukera dago webgunean.