'Epizentroa': lurrikara txiki bat euskarazko literaturan

Literatur proposamen berriarekin gatoz: 'Epizentroa', Nerea Loiolaren lehen narrazio laburra. Nerea Loiolaren lehen narrazio liburua da hau, zazpi istorioz osatua. Bildumako ipuinak autonomoak dira, baina istorio guztiek dituzte giza harremanak ardatz, edo, hobeki esan, giza harremanen ertzak: komunikazioa, sexua, dolua, gurasotasuna, desira, mendekua…

Lur azpian dagoen magmaren antzera, gure jokabideen azpian korronte bat mugitzen da, batzuetan azaleratzen dena eta beste batzuetan ez, baina gure norabidea markatzen duena. Horregatik batzuetan gure ingurukoek ez dute gure jarduna ulertzen, edo gure tristura. Gure erabakien atzean askotan ez dago arrazoi sinple bat, sentimendu mataza bat baizik, eta horixe da egileak egiten duena: haritik tiratu korapiloa aurkitu arte. Haatik, ez da bere intentzioa korapilo hori askatzea eta aseko gaituen azalpen bat ematea, gure jakinmina —edo ezinegona— areagotzea baizik. Izan ere, denok gaude kontraesanez beteta, narrazio hauetako protagonistak bezala.

Estiloari dagokionez, erraza da errazkeriatan erori gabe. Inazio Mujikak Ereineko editoreak adierazi duenez, «Apaindurarik gabeko hizkuntza da: efizientea eta efikaza. Zuzen eta zehatz marrazten ditu gaiak eta pertsonaiak». Beharbada horregatik harrera oso ona izan du liburuak, besteak beste, euskara ikasleen artean. Esate baterako, Berriako irakurleendako libururik maitatuena izan zen 2021ean.