AEK euskaltegiak mintzo: "22. Korrika. Martxoak 31 Amurrio – Apirilak 10 Donostia"

AEK euskaltegietatik dator notizia...

Ate joka datorkigu Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekimen handi eta jendetsuena, eta euskaltzaleok azazkalak janez ez gaudenik esateko moduan ez gaude, ezta? Kaleetan ikusi ditugu kartelak eta pankartak, abestia aditu eta bideoklipa ikusi dugu, kamisetak ere erroskillen pare erosi ditugu eta egunari irribarrez ekiten diogu elastiko koloretsua edo Korrika Laguntzailearen pina soinean daramagunean. Jantzi gogoko arropa eta oinetakoak, Korrika badator!

Nafarroa Garaiko ibilbidea

Nafarroa Garaian Aguraindik sartuko da lehendabizi apirilaren 2an, Ziordiatik goizaldeko 02:00etan, Sakana zeharkatuz Iruñerrira ailegatzeko 09:00ak aldera. Hortik Gares eta Tafallarantz, gauerdian Lerindik pasa eta Erriberara apirilaren 3an, eta handik iparraldera, Zarrakaztelutik Irunberrira eta gauez gorantza. Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa pasako ditu goizaldean, eta bazkalostean Luzaidetik Donibane Garazira abiatuko da, apirilaren 4ean.

5ean itzuliko da Nafarroa Garaira, Baigorritik Erratzura goizeko 05:00etan, Baztandik Ultzama eta Basaburura, Irurtzun bigarrenez pasa eta Lizarrara 21:00etan ailegatzeko. Handik Arabara abiatuko da.

Azken bisita bat ere izango da Nafarroan, Leitza, Malerreka eta Bortziriak pasako baititu lasterketak apirilaren 9ko lehendabiziko orduetan.

Gogo biziz

Hiru urte badira azken Korrikatik. Antolatzaileen esanetan, aurten gogo berezia nabari da jendearen aldetik Euskal Herria kolorez janzteko gure hizkuntzaren aldeko ekitaldi honekin. 11 egunez ariko da etengabe lekukoa eskuz esku, Amurriotik abiatuta martxoaren 31an, eta Donostiara ailegatuko da apirilaren 10ean, igandea, bertan jai handi batekin ixteko aurtengoa.
 
Nafarroa Garaiak eta Euskal Herriak merezi dute eta. Kaleetan ikusiko dugu elkar!