Hizkuntza aniztasuna eta euskara

Gure jendartea, gure herriak gero eta anitzagoak dira. Azken urteotan, herritar ugari etorri da bertze herrialde batetik gurera bizitzera; jatorri, hizkuntza zein kultura askotarikoak ditugu gure artean, eta hori aberasgarria da.

Jendarte kohesiorako, beharrezkoa da elkar ezagutza espazioak sortzea. Euskarak, bertako hizkuntza izaki, elkar ezagutza horretan paper garrantzitsua jokatzen ahal du. Euskara ikasita, etorri berriak baliabide gehigarria eskuratzen du, bertako kulturara hurbiltzeko, harreman berriak egiteko, eta lan zein ikasketa aukerak zabaltzeko.

Zenbait esperientzia

Nafarroako zenbait eskualdetan, etorri berriei euskararen ikuspegitik harrera egiteko egitasmoak dituzte abian. Helburua euskararen inguruko informazioa eta baliabideak ematea da, bertzeak bertze. Bortzirietan, erraterako, bizilagun berriei ongi etorria emateko eta euskararen inguruko informazio eta baliabideak emateko bideoa prestatu dute.