Hiriguneko gazteen artean euskara eta euskarazko kultura sustatzea du helburu proiektuak. Abiapuntua gazteen inguruko ikerketa bat da eta helburua, besteak beste, gazteek aktiboki parte hartzea euskararen eta euskal kulturaren transmisioan.
Hiriguneko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan duten pertzepzioa ikertu du Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko aholkulariak, eta #Damolat proiektua abiatu. Ikastolen Elkartea unitate didaktikoa diseinatzen ari da. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren babes ekonomikoa jaso du.
Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ikerketa egin du jakiteko zein diren Bilbo Handiko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan dituzten iritziak, asoziazioak edo jarrerak, eta bertatik ateratako materialarekin #Damolat unitate didaktikoa osatu dute Ikastolen Elkartearekin elkarlanean.
Ikas unitateak euskarazko kulturaren transmisiorako eta berrartikulaziorako hainbat jarraibide eta ariketa jasoko ditu, oinarri argi batekin: gazteek eurek bilatu ditzaten euskarazko euren erreferenteak.
Proiektuaren asmoetako bat hauxe izan da: euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioan gazteek aktiboki parte hartu dezaten.
#Damolat egitasmoaren erdigunean kezka bat egon da, azken urteetan gero eta ageriago dagoena: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako gazte gehienek euskaraz dakite, baina hizkuntzaren erabilera ez da maila berean areagotzen ari. Gauza bera esaten ahal da Nafarroari buruz; alegia, gero eta gazte euskaldun gehiago ditugu herrialdeko eskualde askotan, baina erabilera ez du ezagutzaren maila berera ailegatzen. Ez hori bakarrik, ingurune ez euskaldunetan bizi diren gazteek euskarazko kulturarekin duten harremana txikia da. Transmisioaren funtzioa ikastetxeek betetzen dute kasurik gehienetan, baina eremu horretan ere herren dabiltza askotan. Izan ere, ikastetxeetan haurrek euskarazko erreferente ugari badauzkate ere —Irrien Lagunak, Ene Kantak, Goazen, marrazki bizidunak—, ez da gauza bera gertatzen nerabeekin. Euskaratik aparte bilatzen dituzte euren erreferente kulturalak, eta egoera hori aldatzen saiatzeko ahalegina da #Damolat.
Nerabeen beharrak identifikatu ondoren, konponbidea du jomuga #Damolat proiektuak, baina proiektuaren egileak, Jauregizuriak, onartu du «laguntza xumea» bakarrik eskaini dezakeela, «erronka eta eztabaida handi baten parte» delako arazoa. Hezkuntza komunitateari laguntzeko tresna egin nahi dute orain, ikasketa unitatea eskainiz gazteei. Helburua da komunikazio kanalak «argiztatzea» euskara eta euskal kultura gazteengana heltzeko. «Ez dugu esango 'hau gustatu behar zaizu', baizik eta 'hau da zuen esku dagoena: behintzat ikusi eta erabaki zer gustatzen zaizuen'», nabarmendu du Jauregizuriak.
Unitate didaktikoa datozen asteetan argitaratuko dute, eta doako zabalpena izango du. Eskolez gain, aisialdi taldeei, gaztetxeei eta euskaltegiei eskainiko zaie, besteak beste, haiek ere edukiak aprobetxa ditzaten.