Bidegurutzean, musikari buruzko saio berria ETB1en

ETBk Bidegurutzean saioa abiatu du, asteazkenetan emanen dute, 22:30ean. Musikazaleek beste hitzordu garrantzitsu bat dute astero. Atal bakoitzean belaunaldi ezberdinetako hiru musikarik edo taldek parte hartuko dute. Lehen denboraldiak 12 atal izanen ditu.

Bidegurutzean saioaren zuzendaria eta ideiaren sortzailea Galder Izagirre da, argazkilaria eta Dut, Kuraia edo Berri Txarrak taldeetan bateria jotzailea izandakoa.

Musikariei elkarrizketa bat eginen zaie telefono kabina batean eta bakoitzak kantu propio bat grabatuko du bertan. Azkenik, hiru gonbidatuek, elkarrekin, bakoitzaren abesti bat interpretatuko dute.

Bidegurutzean saioan, besteak beste, honako musikari hauek parte hartuko dute: Liher, Petti, Niko Etxart, Joseba Irazoki, Mursego, Vulk, Mikel Urdangarin, Maite Larburu, Kai Nakai, Evaristo, Eñaut Elorrieta, Gatibu, Zea Mays, MICE…