Joana Maiz: komiki eta eleberri grafikoen munduan sartzeko aukera on bat

Azkenaldian oso komiki eta eleberri grafiko onak argitaratu dira Euskal Herrian. Horien artean `Joana Maiz´ nabarmendu nahi dugu, Joseba Larratxe (irudigilea) eta Yurre Ugarteren (idazlea) lehenengo nobela grafikoa, hain zuzen ere.

Harriet argitaletxeak publikatu du lana. Bi emakume dira komiki honetako protagonistak. Bata, Joana Maiz gaztea, Euskal Herriaren historiari buruzko dokumental bat filmatu behar duena; eta, bestea, Lauren Odriozola, bere etxetik kaleratu nahi duten adineko emakume baserritarra. Biak beren ingurunetik baztertu nahi dituzte, baina ez dute amore emango. Erresistentziari buruzko gogoeta da, hein handi batean, Joana Maiz.

Harriet argitaletxea espezializatu dago komikiak eta eleberri grafikoak argitaratzen. Argitaletxe horretakoa da Inoiz ez. Protagonista laurogeita hamar urteko emakume bat da, udal-agintariei kontra egiten tematua dagoena. Itsasoak eta haizeak jana, urtetik urtera labarra atzera ari da bere herrian erremediorik gabe, eta berarekin daramatza etxebizitzak. Herriko alkateak mehatxupean dauden auzokide guztiak babestea lortu du, bera izan ezik. Madeleinek katuarekin eta senar zenduaren oroitzapenarekin bizi nahi du bere etxean, eta uko egiten dio arriskua ikusteari, itsua baita jaiotzatik.

Nortasun handiko beste emakume bati buruzko da Anjel Rekaldek eta Ainara Azpiazu “Axpik” Nabarralderen eskutik plazaratutako komikia: Foixeko Katalina. Ahaldundutako emakumea zen. Izan ere, Albreteko Juan errege-ezkontidea zen bakarrik.

Nabarralde argitaletxekoa da ere Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak komikia. Albako dukearen eskuetan eroritako Nafarroako Erresuma konkistatu berrian girotzen da errealitatetik zein fikziotik baduen lana, Maria Baztan protagonista duena.