2025: euskal musika taldeen zuzenekoen urtea

Euskal musika zaleek zorioneko urtea dugu aurtengoa. Hitzordu esanguratsu asko ditugu hasi berri den urte honetan. 

Arbizuko Zetak taldearekin mustuko ditugu 2025eko zuzenekoak. Urtarrilaren 3 eta 4an Mitoaroa ikuskizuna taularatuko du Nafarroa Arenan, Iruñean. Kontzertua baino gehiago, euskal tradizioko pertsonaia herrikoiei egindako omenaldia izango da Mitoaroa. Bi egunetan 30.000 lagun batuko ditu guztira Zetak taldeak Nafarroa Arenan. Bertaratzerik ez duenak, larunbatean, 22:00etan, Primeran plataforman ikusteko aukera izanen du.  

Zenbait euskal taldek 2025 urtean emanen diote amaiera haien ibilbideari. Aurretik, noski, agur kontzertuak eskainiko dituzte. Esaterako, Esne Beltza taldeak azken kontzertua emanen du Bilbon otsailaren 1ean. Chill Mafia talde nafarrak, berriz, martxoaren 28an emango du azken kontzertua, Bizkaiko hiriburuan. Agurrekin jarraituz, Gatibu taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu abenduan Bizkaia Arenan (BEC) 25 urteko ibilbideari amaiera emateko. 

2025 urteak bira bukaerak ere ekarriko ditu. ETS taldeak, hitzordu hirukoitza izanen du 2025eko martxoan, BECen, taldearen 20. urteurrena eta biraren amaiera ospatzeko. Izarok maiatzaren 31n joko du toki berean, eta Bulego taldeak azaroaren 8an emango du birako azken kontzertua, Bilbon, 2026a agertokietatik kanpo eman aurretik. Fermin Muguruzak 2024 bukaeran abiatutako nazioarteko bira ekainaren 14an Donostiara iritsiko da eta urriaren 14an Iruñera. 

Gainera, udaberritik aurrera, jaialdien segida izango da: Zeid Gaztea, Iruña Rock, EHZ (Arberatze-Zilhekoa, ekainak 27-29), Hatortxu Rocken edizioa (Lakuntza, uztailak 24-27), Azkena Rock Festival eta abar…

Azkenik, Totemek, Zentralek, Atabalek, Bilboko Kafe Antzokiak, Jimmy Jazzek eta gure herritako areto, antzoki eta gaztetxeetan zuzenean entzun ahalko dira azkenaldian argitaratutako disko interesgarrienen egileak: Janus Lester, Bloñ, Tatxers, Bengo, Verde Prato, Merina Gris, Izaki Gardenak, Bizardunak, Kaskezur…