Zubiarte Euskaltegia mintzo: Pandemiaren bukaera ospatzen

Zubiarte Euskaltegitik dator notizia...

Zubiarte euskaltegiko B2 mintza taldeko ikasleak gara. Astero bi egunez klasera etortzen gara, 9:15etik 11:15era. Denok bat izan ezik, erretiratuta gaude eta guztira 12 taldekide gara.

Batez beste 8 urte daramatzagu euskara ikasten.  Gure taldea ez da ohikoa, ez ditugu betiko unitateak lantzen. Honen ordez, mintzapraktika egitea da gure helburu nagusia eta presiorik ez dugunez, oso gustora gaude. 

Normalean, euskaltegian geratzen gara, batez ere pandemiagatik. Baina, joan den astean gure irakasle maiteek ateraldi bat prestatu zuten guretzako. Ekintzan gure taldeaz gain, beste bi taldek ere parte hartu zuten. Irteera zela eta, Eltsora, Ultzama haranera joan ginen. Euskaltegitik ez dago oso urrun eta bertara autoz joan ginen.

Eltson, Ezkurdi museoa bisitatu genuen. Museoa etxe handi bat da, hiru solairu dauzka. Beheko partean eskola moduko gelatxo bat dute eta bertan azalpenak ematen dituzte, laborategia ere badute eta sarreran denda, non bertako produktuak saltzen dituzten. Lehenengo solairuan euren bizilekua dute. Eta ganbara antzinako tresnez beteta dago. Solairu batetik bestera pasatzerakoan eskaileretan ehunka antzinako argazki ikus daitezke, argazki hauek erleen munduarekin zerikusia dute eta oso bereziak dira.

Eraikinean sartu bezain laster Karlosek harrera eman zigun eta azaldu zigunez, baserri horretan bizi da bere bikotekidearekin. Alde batetik, erlezainak dira eta produktu batzuk ekoizten dituzte. Bestetik, museoaren arduradunak dira, han egiten duten lana erakusteko. Oso interesgarria zen erleen funtzionamendua: nola moldatzen diren haien artean eta nola egiten dituzten eztia, propoleoa, erregin-jelea, argizaria, etab. 

Azpimarratzekoa da erleen munduari buruzko hainbeste tresna nola bildu eta lortu dituzten, ahozabalik geratu ginelako. Horrexegatik, gomendatzen diogu mundu guztiari bisita egitea.

Hauxe izan da gure taldearen aurkezpena eta egindako irteeraren azalpena. Besarkada bat euskaltzale guztiei.

Zubiarte euskaltegiko B2 mintza taldea