ZNI aplikazioa eskuragarri

Zer Non Ikusi egitasmoak euskarazko ikus-entzunezko edukiak bilatzen laguntzen duen ZNI app-a sortu du sakelako telefonoetarako, tabletetarako eta SmartTV-etarako.

Duela 3 urte, Zer Non Ikusi webgunea apailatu zuen boluntario talde batek, euskarazko edukien bilaketa erraztu eta horien kontsumoa bultzatzeko asmoz. Orain, egitasmo honek beste urrats bat eman du, web ataria aplikazio formatuan jarrita. ZNI aplikazioa sakelako telefonoetan, tabletetan eta SmartTVetan instalatu ahal da, eta bertatik edukiak erraz eta azkar aurkitu.

Hiru urtean 103.213 edukiren katalogo oparoa osatu du Zer Non Ikusi-k, eta aurrerantzean horiek denak kontsultatu ahalko dira aplikazio berriaren bidez: Primeran, Netflix, Prime Video, Filmin eta beste plataformetan euskarazko audioak eta azpitituluak  dituzten filmak eta telesailak; YouTube-n euskaraz ageri diren milaka bideoak; zinema-aretoetan euskaraz dauden filmen eskaintza eguneratua… Aplikazioa doakoa da eta Google Play denda digitalean deskargatu daiteke.

Bestalde, webgunera kategoria berri bat gehitu dute: Euskal Eduki Sortzaileak. Bertan, sare sozialetan euskaraz aritzen diren eduki-sortzaileen bilduma zabal bat osatu dute.