Libertimendua: ihotea eta euskara

Gutxienez, zortzi libertimendu izango dira aurtengo inauterietan Nafarroa Beheran, Lapurdin, Gipuzkoan eta Nafarroan. Dantza, musika, bertsoa, ziria, kritika, umorea eta algara uztartzen ditu ekimenak. Eta badu beste osagai bat ere: euskara.

Libertimenduak ohikoak izan dira Nafarroa Beherako eta Lapurdiko hainbat herritan. Desagertzeko zorian izan ziren pasa den mendean, baina 70eko hamarkadan berpiztu ziren herri antzerkia, dantzak, bertsoak eta kantuak uztartzen dituen inauteri mota hau, ikastolen inguruko mugimendu euskaltzaleak egindako lanari esker. Ikusita gazteak aktibatzeko, herria batzeko eta euskaraz aritzeko formula bikaina direla, festa eredua zabaltzen ari da. Horren adibide da Iruinkokoa.

Inauteri mota honek lehen bi aldi zituen: Santibateak (urtarril-otsailean) eta Libertimendua (otsail-martxoan). Gaur zenbait herritan biak egiten badituzte ere, beste zenbait herritan lehena egiten dute bakarrik, edota bigarrena soil-soilik. Santibateetan neguko indar ezkorrak, hotza eta iluna, izaten dira nagusi, eta hori irudikatzen dituzte dantzen bidez, zirtzilek bolantak uxatzen baitituzte. Libertimenduan, aldiz, udaberriko indarren garaipena irudikatzen da, bolantak zirtzilei gailentzean erakusten den moduan. Udaberriaren hasieraren sinboloa da.

Gazteek plaza hartu-eta, munduko aktualitateari ere erreparatzen diote ospakizunean. Ekonomiaz, politikaz, gizarteaz, ekologiaz…  mintzo dira, euskaraz gainera, bolant-dantzak, bertsoak, umorea, kritika eta musika tarteko.


Iruinkokoa

Gora doan ospakizuna da eta Nafarroa Garaira ere zabaldu da: Martxoaren 2an,  Iruinkokoak Iruñeko karrikak hartuko ditu. 9:30ean da hitzordua Zaldiko Mandikon. Ekitaldi nagusia, koko-munstra, Santa Ana plazan izanen da (euria ari badu, Mañuetako frontoian).


2025eko libertimenduak

•    Otsailak 16, igandea: Donapaleu: Amikuzeko libertimendua
•    Otsailak 22, larunbata: Añorga: Dibertimentua
•    Otsailak 23, igandea: Heleta: Baigurako libertimendua
•    Martxoak 2, igandea: Iruñea: Iruinkokoa
•    Martxoak 2, igandea: Baigorri: Libertimedua
•    Martxoak 2, igandea: Astigarraga: Zirikoketa
•    Martxoak 15, larunbata: Hazparne: Libertimendua
•    Martxoak 16, igandea: Bunuze: Oztibarreko libertimendua