Plataforma digitaletara euskaraz bikoizturik heltzen diren film, telesail eta dokumentalen bilaketa errazteko Zernonikusi.eus ataria dakargu gaurkoan ELAIDEra. 2022an sortu zuten eta dagoneko berrehun titulu baino gehiagori buruzko informazioa eskaintzen du jada tresnak.
Zer Non Ikusi (ZNI) Kataluniako Desdelsofa.cat delakoaren eredura sortu zen, plataforma desberdinetan euskaraz zer aurkitu daiteen erraz kontsultatzeko.
Arrunt urria da euskarazko film eta dokumentalen eskaintza, eta euskal hiztunentzako urrea den horrek bidean galtzeko arriskua dauka, nolabait esatearren. Tantaka heltzen dira titulu berriak plataformetara eta anitzetan, euskaraz bikoizturiko edo azpidatzitako lan berri horien informazioa ez da erabiltzailearengana heltzen. Horretaz guztiaz jabeturik eta telebista kontsumitzeko ohitura berriak kontuan harturik, proposamen berria jaio da pasa den urteko udan: Zer Non Ikusi (ZNI) bilatzailea.
Boluntario lana egiten duten bederatzi lagunek osatzen dute web atariaren lan taldea. Euskal Herriaren luze-zabalean sakabanaturik daude ataria elikatzeaz arduratzen diren bederatzi pertsona hauek.
Zer Non Ikusi bilatzaile bat da. Bertan sartu eta «aukeratu dezakezu erabiltzen duzun plataforma, bertan euskaraz dauden edukiak ikusteko». Atari digitalak gehiago ere proposatzen du, zinema aretoetara heltzen diren euskarazko filmak eta dokumentalak ere biltzen baititu
Zeren bila zabiltza?
Hori galdetzen du hastapeneko menuak. Bertan klikaturik, besteak beste, plataforma ezberdinetan eskaintzen diren haurrentzako edukiak eta helduentzako filmak eta dokumentalak agertzen dira. Zinemari eskainitako atalean, karteldegiko eskaintza ikusten ahal da. Titulu bakoitzarekin batera, haren oinarrizko informazioa eta sinopsia agertzen dira, baita trailerra ere zenbait kasutan.
Erronkak
Euskal Herri mailako begirada bat izatea falta dela aipatzen dute. «Amazonek (Prime Bideo) edo Netflixek estatu batean edo bestean eskaintzen dutena ezberdina da, ematen duten hori euskaraz egon arren; Hegoaldean sartzen bagara telesail bat ikusiko dugu, baina Iparraldean sartzen bagara, ez. Proiektu bat izan daiteke eman ahal izatea zer dagoen eskuragarri Iparraldetik, edo Pantailak Euskarazkoei laguntza ematea plataformei presioa egiteko eta euskaraz ematen duten guztia mundu osoan jartzeko».
Horrekin loturik, euskaratutako ekoizpenekin dagoen beste hutsune bat planteatu dute: «Katalanek zerbait bikoizten dutenean ekoiztetxeetara bidaltzen dute, eta era horretara, esaterako Universal Studiosen, edo beste estudioetan, beti dute katalana audioan. Euskararen kasuan ez da gertatzen, espainiar Estatuan publikatzen dute DVDa edo zerbait, baina euskarazko audioa beti falta da, bikoizturik egon arren. Hor badago hobetzeko zerbait».
Arazoren bat sumatzen bada edo proposamenik egin nahi bada kaixo@zernonikusi.eus helbidera idazten ahal da.