EmariAPP, emakume erreferenteak ezagutzeko jolasa

EmariAPP jolasa emakume erreferenteen irudia aldarrikatu nahi duen aplikazioa da. Kalaka elkarteak sortua, emakumeen ahalduntzea eta aitortza soziala du helburu. 

Kalaka kooperatibak EmariAPP mugikorretarako jolas-aplikazio berria aurkeztu du. Emakume erreferente baten bizitzaren inguruko pistak irakurriz, nor den asmatzean datza jolasak. 

Jolas-aplikazio honen bitartez, egunero, emakume erreferente baten bizitzaren inguruko pistak irakurrita nor den asmatu beharko duzu. 5 pista eta minutu eta erdi gehienez du jokalariak, emakume nor den asmatu behar da. Erantzunetan 4 emakumeren izen-abizenak eskaintzen dira aukeran.

Jolas arina da, baina hilabeteko sailkapena duenez, epe luzeko dedikazioa eskatzen du. Hala ere, egun batean ez bada partida bat jokatzen, hurrengoan aukera dago aurreko egunekoak jokatzeko. Hilean behin ere hileko partida guztiak jokatzeko aukera dago baina, adi, aurreko asteetako partidek 20 puntu gutxiagotik abiatzen dira.

Kalaka kooperatibakoek aditzera eman dutenez, aplikazio honen helburu nagusia, "gizartean emakumeei dagokien aitortza egitea da. Kultura orokorraren parte egitea euren izen-abizenak". Historian zehar "egin dituzten ekarpen esanguratsuak zeintzuk diren ezagutaraziz".

EmariAPP aplikazioak hortaz, sentsibilizazioan eragin nahi du baina modu ludiko batean. "Baduzue dagoeneko jolas berri bat, euskararen eguneroko erabilera sustatzeko zuen inguruan. Era berean, berdintasunerako sentsibilizazioa modu eroso eta errazean lantzeko baliabidea duzue esku artean".

Deskargatzeko:
•    Android  bertsioa Google Playn.
•    iOS App Storen.