Zabalik dago Euskaraldian izena emateko aukera

Maiatzaren 15etik 25era izanen da ariketa masiboaren laugarren edizioa, “Elkar mugituz egingo dugu” lelopean. Bi hilabete baino ez Euskaraldia hasteko, eta dagoeneko belarriprest edo ahobizi gisa izena emateko epea ireki da.

Joan den larunbatean Gasteizen egindako ekitaldian, aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu eta herritarren izena emateko epea ireki dela iragarri zen, bertan dozenaka lagun zirela, besteak beste, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak etab.

Euskaraldiak euskara gehiago erabil dadin egiten duen ekarpena azpimarratu zuten bertaratutako guztiek. Irati Iciar Taupako lehendakariaren hitzetan, “urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foko nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena”.

Erabilera handitzeko mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua. Iciarrek esan zuenez, gero eta jende gehiagok ulertzen du “lehen hitza euskaraz” egitearen garrantzia, eta “elkarrizketa elebidunak” gero eta arruntagoak dira gure inguruan. Hala ere, Euskaraldia “arnas luzeko” ekimena da, izan ere, “edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.

 

Izena ematearen garrantzia

Euskaraldia euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa da, eta txapa jartzetik haragoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…, eta lehen pauso hori eman behar dute herritarrek, Euskaraldian izena emanda.

Euskaraldiko koordinatzaileak azpimarratu zuenez, oso garrantzitsua da parte hartu nahi duten pertsona guztiek izena ematea “hausnarketa baten osteko erabakia baita, ahobizi edo belarriprest izatea erabaki ostekoa, alegia”. Gainera, izen-emate horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea.

Izen-ematea eta belarriprest edo ahobizi rola hautatzea oso modu errazean egin daiteke euskaraldia.eus webgunean bertan dagoen formularioa beteta.