"Mendia" obra, antzerkiaren bideak zabaltzen

Ostegunean estreinatuko da euskaraz "Mendia" antzezlana, Berriozarko 'Mendialdia' mendi zikloan. Nafarroako antzokien 'Sendaberri' zikloak Nafarroako hainbat herritara eramango du urte honetan zehar antzerki interesgarri hau.

Zorionekoak gu! Euskarazko sorkuntza artistikoak ez du etenik, eta bide berriak jorratzen ari da, paisaia eszeniko berriak. Hala definitzen ditu Nafarroako Antzokien Sareak 'Sendaberri' programak eskaintzen dituen antzerki, dantza edo zirku proposamen berritzaileak. Are gehiago, hau omen da zikloaren filosofia:

"Ohiko programazioa aberastea kontzientzia kritikoa sortzen duten ikuskizunen bitartez"

Eta, jakitun publikoaren lagina murriztu egiten dela, badira euskarazko lanak aurkezteko apustua egiten duten konpainiak. "Mendia" obra da horietako bat, ostegun honetan estreinatuko dena Berriozarko Entzunaretoan. Eta ez da bertan geratuko antzezlan honen ibilbidea, Leitzan (maiatzaren 11an) eta Beran (irailaren 27an) izanen dira euskarazko hurrengo emanaldiak, baina ziur gaude gehiago ere izanen direla, obra honen kalitateari erreparatuta.

Mendia da obraren protagonista, baina baita metafora ere aldi berean, Mikele Urroz eta Lucía Ezkerrek antzeztutako obra honetan. Hemen duzue laburpen txiki bat:

Bakarrizketa formadun pieza eszenikoa da Mendia. Obra honetan, alpinista bat mendira abiatuko da espedizioan, eskalada-bide baten bila. 

Mendi oro talka baten ondorioz sortzen da, elkarrengana poliki hurbiltzen diren plaka tektonikoen arteko kolpe motel eta bortitza dela eta. Indar ezberdinen arteko topaketa katartikoa da. Maitasunaren antzeko zerbait. Honela jaio zen mendi hau.

Zer gertatzen da gure identitatearen parte batzuk ukatzen ditugunean? Gure zein alde hil behar da beste berri bat jaio dadin? Nola joaten utzi maite dugun hori?

Osteguneko saiorako sarrerak salgai dituzue esteka honetan: "Mendia" obra sarrerak

Gozatu euskarazko antzerkiaren xenda berriez.