Paperjale.eus, euskal literaturaren topagune

Euskal irakurle eta idazleen topagune izateko helburuz sortu dute Paperjale.eus gune digitala. Irakurzaletasuna sustatzeaz gain, liburutegi pertsonala sortu, liburuak iruzkindu eta eztabaidetan parte hartzeko aukera eskaintzen du.

Paperjale.eus gunearen helburu nagusiak irakurzaletasuna sustatzea eta literatura maite duten pertsonendako gune seguru bat eskaintzea dira. Plataformak zenbait aukera ematen dizkie erabiltzaileei:

  • Liburutegi pertsonala online sortu eta mantendu.
  • Irakurketak erregistratu.
  • Liburuak puntuatu eta iruzkindu.
  • Beste erabiltzaile batzuk jarraitu.
  • Liburuen gomendioak jaso.
  • Liburuei eta literaturari buruzko eztabaidetan parte hartu.

Paperjalek “euskarazko literaturaren bizigarri” izan nahi du, baina edozein hizkuntzatako liburuak aipatu daitezke bertan. Plataforma erabiltzeko garaian, erabiltzaileek idatzitako kritikak, iruzkinak eta aipuak “gutxienez” euskaraz izan behar dira eta, hala nahi duenak beste hizkuntza batzuk ere erabil ditzake. 

Webguneak ez du inolako helburu komertzialik eta dohainik erabili daiteke. Proiektura batzeko modua paperjale.eus atarian izena ematea da.

Paperjale.eus Abaraska taldeak jarri du martxan, sofware librea eta euskara sustatzen duen taldeak. Euskarazko sare sozial libre eta ireki gehiago ere egin dituzte, besteak beste, Peertube.eus bideoentzako, Pixelfed.eus argazkientzako eta Lemmy.eus foroentzako.