Gure geografiako herri askotan badira euskal komunitatea biltzea helburu duten elkarteak; euskarazko kultur, kirol, aisialdi eta gastronomia jarduerak antolatzen dituzte. Ezin aukera hobea dira euskaraz bizi edo praktikatu nahi dutenentzat. Ezagunenak errepasatuko ditugu.
Zaldiko Maldiko kultur elkartea 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Iruñerriko euskaldunen sakabanaketa eta konpaktazio falta ikusirik. Hiriko euskaldunen biltoki izatea eta oro har euskararen erabilera sustatzea du helburu.
Elkartearen lan-ildo nagusietariko bat euskarazko kultur ekitaldiak eskaintzea izan da. Urritik ekainera bitartean euskarazko kultur programazio zabala antolatzen du urtero. Sanferminetan ere, elkarteko taberna zabalik izaten da, euskal giroa sustatzeko asmoz. Urteen poderioz, Sanferminetara etortzen diren euskaldun guztientzako topagune eta erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da.
Elkartea 1984ko abuztuan sortu zen, euskara eta euskal kultura bultzatu eta garatzeko espazio fisiko bat eratzeko helburuarekin.
Ekintza ugari antolatzen ditu urtean zehar, hiruhileroko kultur programazioa eta ekaineko kultur astea, besteak beste.
Euskararen aldeko proiektua da Euskaldunon Biltoki. 2000. urtean sortu zen, eta Txantreako Ezkaba plazan du egoitza.
Antolatzen dituzten jarduera guztiek, kulturalak edo ludikoak izan, euskararen erabilera bultzatzea dute xede, euskaldunon konpaktazioa bultzatzea, euskara txertatzea eguneroko bizitzan eta nork bere gustuko jarduerak euskaraz egin ahal izatea. Elkarteak, bere helburuak betetzeko, mota hauetako jarduerak egiten ditu: kulturalak, sozialak, kirol eta gastronomia ingurukoak, hala nola bidezkotzat jotzen den bestelako edozein ekintza.
Pikuxar 2003an sortu zen, garai hartako hiru talderen inguruan (Orritz dantza taldea, Aizpea Euskara Taldea eta Itxondo) mugitzen ziren gazteek bultzaturik, elkartzeko eta komunitatea sortzeko gune propioa izateko. Lekuak proiekzio publikoa izatea ere nahi zuten. Mabel taberna zaharrean hasi ziren, eta, handik, hainbat jarduera antolatzen zituzten. 2021ean jauzia egitea erabaki zuten, lokal berria erosi zuten, elkartea zabaldu zuten, baina beren filosofia nabarmenduz.
Egoitza berriaren bultzadak jarduera gehiago ekarri ditu. Izan ere, euskara eta euskal kultura sustatzeaz gain, Pikuxarrek kirolarekin lotutako lan-ildo berri bat ireki du: mendi irteerak, bizikleta martxak, San Silvestre…
Nafarroan dauden elkarte guztien artean berriena da Laba (2022. urtean sortu zen), eta Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan hain zuzen ere, du egoitza.
Euskal kultura sustatzeko espazioa da eta euskaratik sortutako elkargunea, eta baita euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia eta kafetegia ere.
Kontzertu, hitzaldi, liburu aurkezpen, ikastaro, zinema proiekzio, bertso saio, antzerki ikuskizun, tailer, dantzaldi, eta abar antolatzen dira lokalak dituen 100 metrotik gorako lokalean.